Udalak bitartekaritza lanak egingo ditu Azorak etxegabetu nahi dituen familiei laguntzeko
Azora funts putreak Bermingham 1, Zabaleta 55 eta Segundo Izpizua 2 eraikinetako maizterrak etxegabetu eta luxuzko etxebizitzak egin nahi ditu. Kaleratzeak Stop plataformak eta Azorako maizterrek familia horiei laguntzeko eskatu zioten udal gobernuari, eta, gaur, azaroko osoko bilkurara eraman dute afera. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk elkarrekin aurkezturiko kontrol mozioa aho batez onartu du udalbatzak –bost puntuetatik lehen lauren alde bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, eta bosgarrenaren kontra–.
Donostiako Udaleko alkatetzak Azorarekin bitartekaritza lanak egitea onartu du udalbatzak. Zehazki, bukatzen ari diren kontratuak zazpi urterako berritzeko eskatuko diote inbertsio funtsari. Izan ere, 2020ko otsailean funtsak Eneko Goia alkateari hori beteko zuela adierazi zion.
Bestalde, Azorari eskatuko diote hutsik dauden 23 etxebizitza alokairura bideratzeko. “2020ko otsailaz geroztik ez dute kontratu berririk egin, etxebizitza guztiak hustu eta luxuzko etxebizitzetan bihurtzeko asmoa dutelako. Horien bizitegi erabilera urratzen dute eta funts putre honek aktibo higiezinak saldu eta etekin handiak ateratzeko modus operandia berretsiz. Horren adibidea Ijentea 2ko eraikin enblematikoaren salmenta izan da”.