Justizia feminista aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostian
Ehunka lagun mobilizatu dira Donostian, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean.
Mugimendu feministak deituta, ehunka lagun mobilizatu dira ostiral honetan Donostian, Beldurra eta borrokaren aurrean, justizia feminista lelopean. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, 19:00etan, batukadaren erritmora eta argi zuziak zeramatzaten hainbat feminista buru zituela. Erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte, besteak beste, “kaleak, gauak, gureak dira” eta “gora borroka feminista” oihukatuz, eta Bulebarrean bertan bukatu dute mobilizazioa.
Kioskoan egin dute manifestazioaren bukaerako irakurketa, han elkarretaratuta zeuden negazionista gutxi batzuk mobilizazio feminista oztopatzen saiatu badira ere. Irakurketan, “aurten erailak izan diren emakumeak” izan dituzte gogoan, eta “nazkatuta” daudela adierazi dute. Izan ere, erailketa matxistak hartzen duen “formarik muturrekoena” erailketa dela nabarmendu dute, baina baita azaldu ere indarkeria mota horrek “beste hamaika forma” dituela eta “emakume*, trans eta bollerek egunerokotasunean pairatzen” dituztela: “Aurreko urtean ere, salatu genuen pandemia oste honetan sistema heteropatriarkal kapitalista are modu gordinagoan agertu zaigula, eta beraz, indarkeria matxista ere modu gordinean azaleratu zaigu; indarkeria instituzionala, lan esparruan jasaten duguna, etxean jasaten duguna, sare sozialetan pairatzen duguna, kalean eragiten digutena, heteroarautik ateratzearren jasaten duguna, eta abar”.
Ildo horretatik, uda honetan ziztadekin gertatutakoa indarkeria matxistak har ditzakeen forma askotarikoen eredu bat gehiago dela salatu dute, “sumisio kimikoaren barnean” dagoena: “Gu erasotzeko gero eta indar handiagoa hartu duen estrategia”. Gainera, gehitu dute ziztadena “emakumeenganako diziplinatze ariketa” bat izan dela: “Berdintasuna nahiz feminismoa gizarte antolaketaren oinarriak direla saltzen digute, baina, aukera txikienean, makineria patriarkal guztia abian jartzen da berriro, emakumeoi* beldurra erraietaraino sartzeko, gure askatasuna murrizteko eta, beraz, betiko kontrol mekanismo matxistak berrezartzeko”. “Mekanismo horien arabera, etxean hobeto gaude, eta kalera ateratzeko, hobe dugu gizon batekin egin, espazio publikoaren jaun eta jabe direnekin”, gaineratu dute.
Ziztaden harira udan sortutako “alarma sozialean” ere jarri dute fokua: “Beldurra sortzea besterik ez du helburu. Beldurraren diskurtso horiek emakumeok* gure askatasuna murriztuta ikus dezagun dute helburu nagusi, eraso egiten digutenei inolako erantzukizunik ez leporatzeko. Argi geratzen da, beraz, boterea nork duen eta noren gain ezartzen duen. Horren adibide garbiak izan daitezke gizonezko ugarik ziztadak broma eta txiste eran hartu izana”. Era berean, salatu dute komunikabideek “beldurra hedatzen laguntzen” dutela, eta, emakumeak zaintzeko aitzakiarekin, “poliziaren presentzia areagotzen” dutela. “Bi hauen arteko elkarlanaz edozein aukera baliatzen dute mugimendu feminista kriminalizatzeko”, gehitu dute.
Horrela, indarkeria matxistari aurre egiteko, erantzun bakarra autodefentsa feminista dela aldarrikatu dute: “Indarkeria matxistaren aurrean erantzun posible bakarra sare feministak indartzea, emakumeen plazer eta gozamenerako eskubidea legitimatzea eta fokua erasotzaileengan jartzea da. Horretarako, autodefentsa feminista dugu tresnarik baliagarriena eta azken urteotan ozen esan dugun moduan, aurten ere ozen oihukatuko dugu autodefentsa feministaz armatuta gaudela, antolatuta gaudela eta ez dugula inongo erasorik onartuko, eta horrela eraikitzen ari garela justizia feminista”.
Itaiak bere mobilizazioa egin du
Donostiako Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere bere mobilizazio propioa egin du azaroaren 25 honetan, 19:30ean Trinitate plazatik abiatuta. Parte Zaharreko kaleetatik eta Bulebarretik ibili dira manifestariak, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean, eta Trinitate plazan bertan bukatu dute mobilizazioa. Jarraian ikus dezakezue mobilizazioaren jarraipena:
[JARRAIPENA] #A25
— Donostiako Itaia (@itaia_donostia) November 25, 2022
Hasi da mobilizazioa! pic.twitter.com/D6pb5D7obE