"Bidaia egin nuenean, mundua ia ukitu gabe zegoen"
Julio Villar (Donostia, 1943) abenturazale amorratua da; geldirik egoteko jaio ez den pertsona horietako bat. Askotariko abenturak bizi ditu, baina balentria gogoangarriena 1968ko apiriletik 1972ko uztailera egindakoa da: Bartzelonatik abiatu zen belaontzi txiki batean, eta ia lau urte eta erdiz, itsasoan hara eta hona ibili zen, munduari bira ematen, Lekeitiora iritsi arte. Bidaia horren emaitza izan zen 'Eh, petrel!' liburua (1974), eta Ibon Gaztañazpik euskaratu egin du orain ('E, petrel!').
Orain euskaraz ere irakur daiteke ‘Eh, petrel!’
Poz-pozik nago, bai. Gainera, gainditu gabeko gaia da niretzat, ez baitakit euskaraz. Izan ere, 1943an jaio nintzen, eta, garai hartan, hiriburuan ez zen euskaraz hitz egiten; beraz, gaztelaniaz hezi ninduten. Gainera, gero munduan hara eta hona ibili naiz, Katalunian egon nintzen bizitzen, eta abar. Itzuli nintzenerako, izan ikasketetarako ez naizelako ona, izan gramatika ez zaidalako ondo ematen edo izan alferra naizelako, denak berdin jarraitu zuen. Pena da.
Belaontzi txiki batean egin zenuen bidaia du oinarri liburuak.
Bai, baina, bueno, bidaia hasi aurretik kendu nituen amarrak. Izan ere, eskalatu egiten nuen gaztetan, eta itsu-itsuan Alpeetara joan nintzen. Mendizalea nintzen, eta oso serio nenbilen horretan, profesional bihurtzeko moduan, baina istripu bat izan nuen, eta horrek itsasora eraman ninduen. Makuluak kendu bezain laster, itsasontzi bat utzi zidaten, eta itsasora joan nintzen.
Bidaia hori hasi zenuenean, aurreikusten zenuen horrenbeste denbora pasatzea etxetik kanpo?
Ez neukan ezer aurreikusita, baina ez nuen aterik ixten. Alpeetara auto-stop egiten joan nintzen moduan, itsasontzi txiki hori hartu eta munduari buelta ematera joan nintzen. Bueno, munduari buelta ematera ez, ni itsasora atera nintzen soilik, baina mundua borobila denez, mendebalderantz nabigatuz, irteera puntuan bukatzen duzu.
Askotan gogoratuko zara egindakoarekin, ezta?
Askotan, bai. Denboraldi handiak pasatu nituen bakarrik, inor ikusi gabe: 20-30 eguneko zeharkaldiak, eta, batzuetan, baita 60 egunekoak ere. Gogoratzen dut askotan pentsatzen nuela, ‘baloratu ezin daitekeen zerbait egiten ari naiz’. Eta, hein batean, kontatu ezin daitekeena ere, askotan esan ohi baitut ez naizela inon egon; ni han eta hemen ibili naiz.
Bidaia horretan idatzitako liburua ez da ohiko itsas kontaketa bat.
Ez. Normalean, itsas kontaketak oso teknikoak izaten dira: belak metro koadro hauek ditu, mesana kenduko dut, nagusia jarriko dut, milia hauek egin ditut, haizeak indar hau dauka, milia hauek gelditzen zaizkit egiteko… Hori niri ez zitzaidan inporta.
Nire liburua ez da itsastarrentzat soilik. Oso ibiltaria naiz, eta handik eta hemendik ibiltzen, Gaztelatik adibidez, gertatu izan zait hango norbaiten etxean sartu eta Eh, petrel! Ikustea apal batean. Etxekoek ez zekiten nor nintzen, eta esan nienean ni nintzela egilea, lagun handiak egin ginen.
Momentu gogorrak ere egongo ziren bidaian, ezta?
Garai zoriontsuak izan ziren niretzat, baina ez beti errazak. Hainbat denborale pairatu nituen itsasoan, besteak beste. Zeelanda Berritik bizpahiru miliara egotera iritsi nintzen, Hebrida Berrietatik egindako zeharkaldi batean. Denboraleak Zeelanda Berritik hamar miliatara harrapatu ninduen, helmugara iristen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen, eta buelta eman behar izan nuen, Fijiraino. Hau da, 40 egunen ondoren, abiapuntutik baino atzerago nengoen. Handik bi hilabetera, Zeelanda Berrira iristea lortu nuen.
Nola biziraun zenuen?
Arrantza egiten nuen, eta, noizean behin, lan egiten nuen. Hainbat irlatan geldialdiak egin nituen, denboraldi batez han gelditzen nintzen eta lan egiten nuen, diru pixka bat lortzeko.
Nola idatzi zenuen liburua?
Bidaian zehar, orrialde zuri solteetan idazten joan nintzen, eta gero idatzitako gauza guztiak elkartu nituen. Adibidez, asko neukan idatzita lainoei buruz, eta liburua osatzeko garaian, laino gehiegi zeudela ikusi nuen [barrez]. Beraz, laino batzuk kentzea erabaki nuen; sukaldariek egiten duten moduan, hobe da gogoz gelditzea eta platerean kantitate gutxi jartzea, sekulako platerkada jartzea baino. Eta, asmatu nuen, gaur egunera arte egin baitu hegan liburuak, eta espero dut hegan egiten jarraitzea.
Jarraitu duzu abenturak egiten?
Bai, baina orain abenturen zailtasuna jaitsi dut, adinarengatik. Dagoeneko ez dut eskalatzen, gutxi nabigatzen dut, eta abar. Orain, Aurre Pirinioetatik, Soriatik, Terueletik, Alpujarratik eta halako lekuetatik harat-honat ibiltzea gustatzen zait.
Hala ere, bidaia luze horren ondoren gehiago nabigatu nuen, beste itsasontzi batzuekin: hainbat aldiz gurutzatu ditut Ozeano Atlantikoa, Pazifikoa, Indiako Ozeanoa, eta abar.
Ez zara geldirik egoten, beraz.
Asko ibili ondoren, geldirik egoteko gogoa izaten dut, hori bai. Eta, eskertzen da etxe bat izatea, ohetik presarik gabe altxatzea, eta abar.
Donostian bizi zara?
Orain bai. Urte luzez, Tarragonako masia batean bizi izan naiz, baina orain joan-etorrian nabil. Azken bizpahiru urteotan denbora gehiago pasatu dut hemen, COVID-19arengatik, eta abar. Gainera, alabak eta bikotekidea hemen ditut.
Zer aurkituko luke gaur egun zuk egindako bidaiaren moduko zerbait egin nahiko lukeen norbaitek?
Ez luke mundu bera aurkituko. Ni atera nintzenean, mundua ia ukitu gabe zegoen, ia ez baitzen turismoa existitzen. Pazifikoko irla batzuetatik ez zen ia inor pasatzen, adibidez. Agian, gaur egun resort bat dago irla horietan. Horregatik, orain Terueletik eta halako lekuetatik ibiltzea gustatzen zait, ez dabilelako ia inor. Ukitu gabe dago hori guztia: Markesak edo Cook uharteak ni joan nintzenean bezain ukitu gabe. Markesetara, adibidez, urte askoren ondoren itzuli nintzen, eta itsasontzi pila bat zebiltzan handik; ni joan nintzenean, badiaren batean bi hilabete pasatzera iritsi nintzen, itsasontzi bat bera ere sartzen ikusi gabe. Eta, gauza bera gertatzen da mendian: Alpeetara joan nintzenean, gure kordada zen handik zebilen bakarra; orain, batek daki zenbat dabiltzan aldi berean. Tristura emango lidake abentura horiek orain errepikatzea, egia esan. Baina bueno, bizi ditugun garaietara egokitu behar gara, eta ez dut inor desanimatu nahi; ez zaitut horrelako gauzak egitera desanimatu nahi!
Horrela ere, gomendatuko nuke horrelako bidaia bat egitea, noski. Beti daude modu desberdin batean bidaiatzeko aukerak, ez dizu zertan bidaia agentzia batek dena antolatu behar. Eta, gainera, GPS-ak eta halako tresnek erraztasun handiak ematen dizkizute.