Donostiako undergroundaren talde erreferentea
Parafunk taldeak hip hop mugimendua ekarri zuen Donostiara, 1990eko hamarkadan. Hiru disko bikain dira bere legatua, eta 'Epílogo' berrargitaratu dute orain.
Hip hop mugimendua 1990eko hamarkadan zabaldu zen Espainiako Estatuan. Mundu hori ezagutzen duen edonori galdetuz gero zeintzuk izan ziren mugimendua raparen bidez zabaltzen aritu ziren artistak, azkar erantzungo du: Violadores del Verso Zaragozan, SFDK Sevillan, CPV eta Frank T Madrilen, eta abar. Ordea, Parafunk talde donostiarra ez da horren ezaguna, baina, garai berean, hip hopa ekarri zuen Donostiako eszenara.
Parafunk taldea Javier Vicente Calderon donostiarrak sortu zuen —Javi P3z izen artistikoarekin ezagunagoa da— , 1989. eta 1990. urteen artean, Donostian. P3z hainbat taldetan aritu zen Parafunk sortu aurretik: En el Jardinen, 23 Ojos de Pezen eta Vitaminasen, hain justu. Pop taldeak ziren, baina P3zek gero eta gehiago jotzen zuen musika beltzera: soulera, funkera eta hip hop mugimendura. «De La Soul eta halako taldeak entzuten hasi nintzen, eta talderik gabe nengoenez, Parafunk sortu nuen. Hasieran, soilik ni nintzen, nire gelan, lau pistako mahai batekin eta sampler batekin», gogoratu du P3zek.
Donostian kontzertu batzuk eman ondoren, El Diario Vasco egunkariaren maketa lehiaketarako hautatu zuten, eta, horren harira, 1991n, Madrilgo La Fabrica Magneticarekin disko bat argitaratzeko kontratua sinatu zuen. 1992an grabatu zuen, eta hurrengo urtean argitaratu zuten Parafünk diskoa. Besteak beste, rapa, jazza eta funka nahastu zituen P3zek diskoan, oso sampler eklektikoekin.
«Komiki baten modukoa da disko hori, MCPez izeneko pertsonaia baten bizitza [izen horrekin zen ezaguna orduan] kontatzen duen komiki baten modukoa», kontatu du artistak. Izan ere, disko horretako abestietan, garai hartan bizitakoak kontatzen ditu: Amaran bizi zela, Donostian hazi zela, disko bat grabatzeko Madrildik deitu ziotela, Venezuelara joan zela inspirazio bila, eta abar. Era berean, disko horretatik atera zen hainbat belaunaldi donostiarrek behin eta berriz errepikatu duten esamolde bat: Amara barrio policial. Horrez gain, gaur egungo Donostian ere esan daitezkeen gauza asko esan zituen orduan: adibidez, San Sebastián paraíso de la tercera edad / Me ha visto crecer, aunque no nos llevemos muy bien eta Las ocho, hora de salida, tapón en la variante, como cada día.
Pixkanaka, zuzeneko emanaldiak aberastearren, taldean beste musikari batzuk sartzen hasi zen P3z. Besteak beste, Mario Maqueda DJ-arekin, Iñaki Selmer saxofoi jotzailearekin, Jon Izeta Gaga baxuarekin eta Xabier Zirikiain DJ-arekin jo zuen. Hain zuzen ere, Gagarekin eta Zirikiainekin batera, Sirope kolektiboa sortu zuen, 1993. urtearen bueltan.
Hip hopa gero eta gehiago zabaltzen ari zen, eta Parafunk Bartzelonako Apolo aretoan eta Madrilgo Rapadelia jaialdian diskoa aurkeztera heldu zen. Hain zuzen, bira horretan ezagutu zuen P3zek Carles Closa diseinatzaile, konpositore eta promotorea, Txarly Brown izenarekin ezagunagoa dena. Ordutik, elkarlanean aritu dira sarritan.
1994: Blues Stop eta Novophonic
Diskoa aurkezten jarraitzen zutela, pixkanaka, banda bihurtu zen Parafunk, Blues Stop talde donostiarreko musikariekin jotzen hasi baitzen P3z, 1994an: Mikel Azpiroz pianistarekin eta Alberto Bosch baxuarekin, bereziki. «Hasieran, soilik ni nintzenean, ez ziguten kasu handirik egiten. Gero, banda gisa jotzen hasi ginenean, jendeak arreta gehiago eskaintzen zigun. Gainera, maila handiko banda zen, denek euren ekarpenak egiten zituzten, eta ikusi besterik ez dago musikariek egin dituzten ibilbideak». Garai hartan, Parafunken promozioa egiteko, komiki estiloko prentsa dossierra egin zuen Zirikiainek, testuekin eta marrazkiekin. Behean duzue orrialde bat, eta hemen ikus dezakezue osorik.
Urte berean, Sirope kolektiboak eta Txarly Brownek Novophonic diskoetxea sortu zuten, eta Parafunken Prólogo EP-a argitaratu zuten, 1996an.
Azken txanpa
1997rako, Parafunk taldea P3z (gitarra eta ahotsa) Azpiroz (teklatuak), Bosch (baxua) eta Mikel Abrego (bateria) musikariek osatzen zuten, eta Epílogo diskoa argitaratu zuten urte horretan bertan, taldearen azken diskoa, Parafunk 1998an desegin baitzen.
Estiloa mantendu zuten disko horretan, baina agerikoa da Parafunk banda bat zela ordurako, P3zek berak gogoratu duenez, abesti asko bere ideietatik atera baitziren, baina beste asko Azpirozen harmonietatik, Boschen baxu lerroetatik edo Abregoren erritmoetatik.
Diskoa LP formatuan entzuteko aukera dago orain, Orbahn Diskak Donostiako diskoetxe sortu berriak berrargitaratu egin baitu. Epílogo harribitxi bat da, eta hori argi dauka diskoetxeko Mikel Gaztañagak: «Altxor bat da. Akaso, bere garairako aurrerakoiegia zen».