"Espazio publikoa berdintasun baldintzetan erabiltzeko" emakumeen eskubidea aldarrikatu du udalak
Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Donostiako Udalak erakunde adierazpena plazaratu du, udal talde guztiek sinatutakoa. “Emakumeen beraien eskubidea aldarrikatu nahi dugu, espazio publikoa berdintasun baldintzetan erabiltzeko eta horretaz gozatzeko, herritartasun osoari dagokien eskubideak bermatze aldera. Hitz batez, norberaren askatasun indibidual eta kolektiboaren garapena bermatzea”, nabarmendu dute adierazpenean. Adierazpen osoa hemen irakur dezakezue.
Mugimendu feministak asko lortu duela gogoratu du udalak, baina baita oraindik egiteke asko dagoela aitortu ere: “Emakume askok aurrerapenak lortu dituzte, banaka egindako ahalegin tematiaren bidez; bai eta mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek egindako lanaren bidez ere, espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko helburuarekin. Hala ere, bi aldeen arteko desberdintasuna agerikoa da oraindik, batzuek eta besteek bizitza publikoan parte hartzeko izan dezaketen erabileran, bai eta gure hirietako eta herrietako kaleez gozatzeko eta haiez jabetzeko orduan ere”. “Berdintasunezko erabilera hori murrizten duten mekanismo anitzen artean, sexu indarkerian jarri nahi dugu fokua; izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira, nahiz eta ezin dugu ahaztu emakumeen eta nesken aurkako sexu indarkeria ingurune pribatuan gertatzen dela, hein handi batean”, gaineratu dute.
Horrela, erakundeek egin beharreko lana nabarmendu du udalak: “Euskal politika publikoen eta administrazioen betebeharra eta helburua da eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatzea, emakumeek eta neskek beren herritartasun osoa gauzatu ahal izateko gure hiri eta herrietako espazio fisikoan, eta horiek erabiltzea, berdintasun baldintzak bermatuta”. Era berean, adierazi du eskubide hori ez dela segurtasunera mugatzen, “baizik eta espazio batean bizitzeko sarbidera eta askatasunera zabaltzen da; sozializatzeko, bere egiteko eta eraldatzeko, emakumeen eta nesken interesen, nahien eta beharren arabera”. “Tokiko administrazioei dagokie, beren politika publikoen eta hiri plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoi bihurtzea”, gehitu dute.
Horrela, udalak konpromiso hauek hartu ditu:
- Era sakonean ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu askotarikoak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko, HAPO-ren berrikuspenean egiten ari den moduan.
- Lege eta politika integralen ezarpen eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Eta, era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.
- Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero harremanak, genero berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan, emakumeen aurkako indarkeriaren kultura desagerraraziz.
- Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; feminista ikuspegia ziurtatzea hiri plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
- Berdintasun sarea tokiko jardunbide sare gisa indartzea, egitasmoei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza trukea errazteko. Eta hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat.
- Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru aldundiekin besteak beste; gizarte taldeekin, feministekin, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.
- Herritarrei gogoraraztea indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea eskuragarri dagoela, besteak beste, SATEVI (900-84 01 11) indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzuaren eta ZEUK ESAN (116 111) haur eta nerabeentzako telefono eta online orientazio, aholkularitza eta informazio zerbitzuaren bidez.
- Herritarrei dei egiten diegu azaroaren 25ean bat egin dezaten emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta beren udalerrietan deitutako mobilizazioekin.