GI-20 saihesbidea eraldatzearen inguruko batzar irekia egingo dute bihar Aieten
Bigarren gerrikoa (AP1) ireki zenetik, saihesbide zaharrean (GI-20) zirkulazioa erdira murriztu dela azaldu du EH Bilduk, eta, horri esker, ekobulebar bihurtzeko aukera ireki dela. “Hau da, errei batzuk eta erdibitzailea ken daitezke, eta galdutako espazioak eta loturak berreskuratu, bizitzaz betetzeko”, adierazi du.
Aieteren kasuan, bidegorri bat eraiki ahal izango da, saihesbide zaharraren alde baten eta bestearen arteko loturak hobetu ahal izango dira, ekobulebar berrian ibilgailuen abiadura murriztuz.
Garai berrietan, natura eta klima errespetatzen duten hiriak eraiki behar direla uste du EH Bilduk, eta Europa osoko hirietan euren mugikortasun ereduak birformulatzen ari direla nabarmendu du, “bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuz eta CO2 emisioak murriztuz”.
Donostiaren kasuan, orain arte, mugikortasun arloan egiten ari diren esku-hartze nagusiak “erdigunerako” pentsatuta daudela adierazi du. “Donostia osatzen duten auzoetako eta haien arteko komunikazioa ere hobetzeko garaia dela uste dugu”, nabarmendu du.
Egunotan, GI-20 saihesbidearen eraldaketari buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko, Donostiako EH Bilduk abian jarri duen parte hartze prozesua Aietera iritsi da. Aieten liburuxka bana banatu dute etxez etxe, “iritzia emateko, zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko aietetarren eskura jarri ditugun bideen berri emateko”, zehaztu dute. Auzoko elkarteekin ere bilera ugari egin dituzte, eta prozesua bukatzeko, batzar irekia egingo dute bihar, azaroaren 26ean, 11:00etan, Katxola baserrian (Miramoneko parkean).
Aieteren ondoren, saihesbide zaharra eraldatzeko parte hartze prozesua Amara Berrin bukatuko da.