Greban dira gaur ehungintza sektoreko langileak
Black friday eguna da gaur, eta jende ugari dabil dendetan deskontu bila. Protestarako eguna ere bada gaurkoa; ehungintza sektoreko langileentzat behintzat bai. Erdialdeko kaleetan ibili dira lan baldintza duinen aldeko leloak ozen aldarrikatzen, eta saltoki handien aurrean protesta egiten. KPIaren igoerarik gabe, ez dago negoziaziorik edo Igandeetan lehendakariak lan egin dezala izan dira gehien errepikatu dituzten leloak.
Lan karga gehien izan ohi duten eguna aukeratu dute urteko bosgarren greba egiteko: “Egun aproposa da gure aldarria ikusgarri egiteko, jendeak jakin dezan nola salmenta mota honek ere gure lan baldintzak okertzen dituela dendetan”, adierazi du ELA sindikatuko Amaia Pintadok.
Urtebete da Gipuzkoan lan hitzarmen berri bat negoziatzen hasi zirela, eta oraindik lan baldintza duinen alde borrokan ari direla esan du: “Oraindik ez gara akordio batera iritsi. 2.200 langile ingururi eragiten die hitzarmenak. Gure ustez momentua da sektore astintzen duten zenbait gauzetaz hitz egiteko eta hitzarmenean jasotzeko. Egungo testuinguruan erosteko ahalmenari eustea da gure aldarrikapena. Bestalde, esparru honetan partzialtasun handia dago. Langile asko daude 20 urteko antzinatasunarekin enpresan, eta 18, 20 edo 24 ordutara ari dira astean. Horrek prekarietate handia dakar. Ordu kopuruak igotzeko aukeraoso gutxi dituzte gainera”.
Interneteko salmentek dendetan duen eragina dela eta, langileak babestea da helburuetako bat: “Enpresa handiek prozesu digital asko martxan jarri dituzte, eta horren ondorioz, ikusten ari gara denda asko itxi direla, eta lanpostu asko kendu dituztela. Gainera, online salmenten kudeaketak lan karga handiagoa dakar saltokiko langileentzat. Arreta zuzenaz gain, dendara iristen diren pakete guztiak ere kudeatu behar dituzte. Eta honen inguruan hitz egin behar dugu”.
Ehungintzako langileek promoziorako aukera oso gutxi dituztela kontatu du Pintadok, eta, beraz, antzinatasun plusa eskatu nahi dutela esan du. Igande eta jaiegunetan ixteko aldarrikapenaren inguruan oraingoz ezezkorik ez dutela jaso adierazi du Pintadok.
Lan hitzarmena sinatzeko azken bilera joan den astean izan zen, eta patronalak euren eskaerei ezezkoa eman ziela azaldu du. Hurrengo bilera abenduaren 15ean izango da, eta patronalaren erantzunaren arabera, berriz grebara joko dutela iragarri du.
Erdialdeko kaleetan zehar zabaldu dituzte euren lan baldintza kaskarren inguruko kartelak eta eskuorriak, eta Garbera merkataritza zentroan eta Urbilen ere egin dituzte protestak.