"Inposatutako sistemari erresistentzia egiten" jarraituko duela nabarmendu du Erraustuk
Azaroaren 25a da gaurko eguna, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta hainbat mobilizazio eta jarduera egiten ari dira hirian. Neska gazteek, esaterako, egun osoko egitaraua antolatu dute, eta Ibaetako campuseko Erraustu antolakundeak egin du eguneko lehenengo mobilizazioa, goizean. Neska* Ikasleok saretuz, autodefentsa feminista(rantz)! lelopean mobilizatu dira campusetik, eta “herri, auzo eta hiriburuetan burutuko diren mobilizazioetara” joateko deia egin dute, “feminista izatea erradikala delako”; Donostian, hain zuzen ere, 19:00etan abiatuko da mugimendu feministaren manifestazioa, Bulebarretik. Itaiak bere mobilizazio propioa egingo du, 19:30ean, Trinitate plazatik.
Erraustukoek neska gazteen prekarietatea salatu dute mobilizazioaren ondorengo irakurketan: “Bete-betean bizi ditugu krisi ekologikoa, krisi ekonomikoa, zaintza krisia… Kapitalaren eta bizitzaren alde lerratzen da sistema, gure bizitzak ez dira kapital metaketarako bide besterik, ez da gure bitza erdigunean dagoena, irabaziak handitzea baizik. Horregatik da neska* ikasleon bizitzetan prekarietatea egiturazkoa. Baina, zaintza lanak ezinbestekoak dira sistemari eusteko, zaintza baita gure bizitzak eusten dituena, gure biziraupena ziurtatzen duena. Beharrezkoa da sistemarentzako neska* ikasleok espazio pribatuan doako lanak egiten jarraitzea, honek kapital metaketa handiagoa ahalbidetuko duelako”.
Hezkuntza sisteman ere jarri dute fokua: “Neska* eta ikasle izateagatik etengabe erasotzen gaitu hezkuntza sistema zisheteropatriarkal kapitalista honek: edukietan emakumeon* aztarna historikoa desagerrarazten du, ikasgeletan gure ahotsa isilarazi eta binarismo zurruna inposatu. Gainera, unibertsitatean bizitzako beste eremuetan bezala eraso matxistak jasaten ditugu; ikasle zein irakasleen partetik; eta gure unibertsitateetan, pasibotasuna eta erantzun eza beste eraso bat da”. Era berean, gaineratu dute hezkuntza sistema horrek emakume asko zaintzara bideratutako ikasketetan bukatzea ahalbidetzen duela: “Txiki-txikitatik, zaintza guri egokitutako ardura bat izan da eta, beraz, ez da kasualitatea neska* ikasleok, gaur gaurkoz, zaintzari lotutako zein zaintza sostengatzen duten ikasketetan bukatzea. Finean, gu gara ongizatea bermatzen ez duen sistema honetan, ongizatea bermatzeko zaintzen dugunak”.
Horregatik guztiagatik, autodefentsa feministaren alde egin dute: “Horregatik diogu elkar zaintza, komunitatea eta kolektiboa erdigunean jartzea eta gure bizitzak zentrora ekartzea autodefentsa feminista dela, sistema osoaren logika inpugnatzen duen ezinbesteko apustua delako. Inposatutako sistemari erresistentzia egiten jarraituko dugu, erasoen aurrean erantzuten; kolektiboan, beti”.