Zer iruditzen zaizu Irulegiko eskuaren aurkikuntza?
Antiguako AEK euskaltegiko ikasleek Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren inguruko euren iritzia eman digute.
Pau Casado (Antigua): “Bitxia iruditzen zait Nafarroan aurkitzea; hango biztanle askok esaten dute ez direla euskaldunak”
Aurkikuntza harrigarria iruditzen zait, egia esan. Horri esker, berriro argitu digute gure hizkuntza eta kultura munduan bakarra dela. Orain arte pentsatzen genuen euskara oso zaharra zela, eta beste hizkuntzekin alderatuz jatorri desberdina zuela, eta orain honekin justifikatzen da gure kulturak eta hizkuntzak duen balioa. Bitxia iruditzen zait Nafarroan aurkitzea; hango biztanle askok esaten dute ez direla euskaldunak, eta hara non aurkitu den euskarazko idatzizko testurik zaharrena.
Asier Garcia (Aro, Errioxa-Antigua): “Aurkikuntzak historialarien lana erakusten du, eta baita historia etengabe aldatu daitekeela ere”
Klasean komentatu genuelako jakin nuen albistea, eta, pertsonalki, oso interesgarria iruditzen zait. Alde batetik, aurkikuntzak historialarien lana erakusten du, eta baita historia etengabe aldatu daitekeela ere. Euskararen jatorriaren inguruan ez dago informazio gehiegi, eta imajinatzen dut horrelako aurkikuntza bat sekulakoa izan dela zentzu horretan. Niri interesagarria iruditzen zait, lehen uste zelako euskarazko lehenengo aurkikuntza Errioxan egin zutela, Yuso eta Suso monasterioetan, eta, orain, teoria hori baztertu egin behar da.
Yago Fuentes (Egia): “Garrantzitsua da, euskara non eta noiz sortu zen jakiteko ikerkuntzan laguntzen duelako”
Euskararentzat aurkikuntza garrantzitsua da, izan ere, beste hizkuntzak asko badakigu nondik etorri diren, baina euskararen jatorria ez dakigu zein den. Garrantzitsua da, euskara non eta noiz sortu zen jakiteko ikerkuntzan laguntzen duelako.
David Oliden (Erdialdea): “Aurkikuntza garrantzitsua da, eta euskararen jatorriari buruzko hipotesiak alda ditzake”
Nire iritziz, historikoki oso aurkikuntza garrantzitsua da, eta euskararen jatorriari buruzko hipotesiak alda ditzake. Aurkikuntza bere testuinguruan jarri behar da, eta orain badakigu euskarazko inskripzioak zeudela Nafarroan. Lehen, hipotesia zen euskara Akitaniatik zetorrela, baina orain aldatu egin da hori, eta oso pozik nago. Orain, ikerlarien hipotesi berriak irakurri nahiko nituzke.
Joseba Adrada (Bilbo-Antigua): “Aurkikuntza kultural bat denez, hitz egiteko eta iritziak azaltzeko aukera ematen du”
Batzuek diote esku horren aurkikuntza ez dela gauza on bat; beste batzuek, aldiz, baietz diote. Beraz, oso interesgarria da bakoitzaren argumentuak entzutea. Niretzat, euskararen inguruan dugun gauzarik interesgarriena da. Aurkikuntza kultural bat denez, hitz egiteko eta iritziak azaltzeko aukera ematen du.