Zurriola ikastolan agertutako pintaketak estali dituzte
Euskararen, Euskal Herriaren eta feminismoaren aurkako pintaketak agertu ziren asteartean Zurriola ikastolan. Hurra eraikineko bi hormatan idatzi zituzten, esprai beltzez, “ikastolaren ardatz” diren ideiei “eraso” egiten dieten mezuak. Pintaketak estaltzeko margoketa lanak egiten diren bitartean, Ikasleen Euskara Batzordeko kideek estali egin dituzte mezu “mespretxagarri” horiek. Gurasoen Euskara Batzordeak, halaber, gertatutakoa irmoki salatu du.
“Irmoki salatzen ditugu jarrera hauek; Ikastolako hormak lelo bortitz eta arbuiagarriekin urratu dituzte, baina ez gara kikilduko, ez eta isilik geratuko ere. Euskaraldi betean eta azaroaren 25aren atarian, aukera baliatuko dugu seme-alabekin, ikasleekin, euskal kulturaz, herriaz eta benetako berdintasunaz hitz egiteko. Lehen baino gogotsuago jarraituko dugu auzoa eta hiria euskaratik josten, herritar euskaldun, euskaltzale eta askeak hezten. Guztiona, guztiontzat”, adierazi du Gurasoen Euskara Batzordeak.