Denis Itxasori eskatuko diote argitu dezala zer jarrera duen Mikel Zabalzaren kasuaren inguruan
Bilera bat egin nahi dute Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariarekin. Espainiako Estatuak Zabalzaren kasuan izan zuen ardura aitor dezan exijitu du Mikel Zabalza Herri Ekimenak.
Mikel Zabalza eta haren polizia operazio berean atxilotu eta torturatu zituzten lagunak omendu dituzte gaur Altzan, Mikelen Txokoan. 37 urte dira Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturapean hil zela, azken urteetan gertatutakoa aitortu eta erreparatzeko bidean pausoak eman diren arren, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria interpelatu dute gaurko ekitaldian.
Duela bi urte Donostiako Udaletxean aitortza ekitaldi zabal eta plurala izan zela gogoratu du Mikel Zabalza Herri Ekimenak, eta Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urtemuga hartan lortutakoarengatik poza agertu dute: “Talde politiko guztiek parte hartu zuten, eta Mikelen eta berarekin atxilotuak izan ziren beste lagun eta senideei aitortza ofizial bat egin zitzaien”. Donostiako autobus konpainiako udal langilea zenari egindako babes adierazpen argitzat jo du herri ekimeneko Jose Ramon Zapirainek.
Denis Itxaso ere izan zen ekitaldi hartan;”bere buruaren izenean” joan zela adierazi zuen, herri ekimenaren arabera. Esanguratsua izan zela uste du Zapirainek:”Lehendabiziko aldiz, 35 urte pasa eta gero, Espainiako Estatuaren izenean norbait agertu zen familiaren aurrean, gutxienez errespetuz. Egia aitortzeko bidean aurrera egiteko asmoa adierazi zien. Ordea, bi urte pasa dira, eta ez dute berriz hitz egin familiarekin”.
Adierazi dute badela garaia esateko Espainiako Estatuaren ordezkari moduan bere esku dagoela ate asko irekitzeko aukera. “Garai hartan agintea zuen alderdia eta gobernua bera ildo berekoa da, jarraipen bat da. Zergatik ez dute onartu 37 urteren ondoren? Denok egiten ditugu akatsak. Baina honen atzean zer dago? Estatuak arma politiko moduan erabili du tortura, eta Mikelena ez da kasu bakarra, beste 5.000 kasu daude gutxienez“.
Aitortu du zerbait mugitzen ari zen seinaletzat jo zutela Donostiako ekitaldiko keinu hura, “gai honen inguruan geldi geratzea ez baita onargarria”. Haien ustez, Zabalzaren kasuan erantzukizun politikoa eta instituzionala duten pertsonek ezin dute soilik “jarrera pertsonal bat” adierazi. “Zor bat dute, egiarekin zor historikoa. herri honi azalpen bat zor diote, adierazpen argi bat. Haiek ere egia berbalizatu behar dute. Horrelako kargu politikoa duzunean ez dago keinu pertsonalik”.
Horergatik, Denis Itxaso interpelatu dute, eta bilera bat eskatu diote: “Eskaera bat da, eta bilera lortuta ere, zaila izango da ofizialki leiho bat irekitzea. Praktikan egiten ari diren gauzak guztiz kontrakoak dira, ateak ixten ari dira. Bai sekretu ofizialen legediarekin, bai berriki Barrionuevok egin dituen adierazpenekin. Inpunitate osoz gai dira egin zutenaz hitz egiteko, eta bere burua berretsita, ondo egin zutela esanez. Zaila izango da bilera. Familiarekin joango gara, eta ea gai den Itxaso esateko auzi hau itxi dela eta honetaz ez dela ezer egingo ofizialki. Bera prest badago onartzeko errudunen artean sartzeko, kasu hau itxiz, inpunitatearekin jarraituz, eta arduradunei sariak ematen jarraituz… ardura hartu dezala”.
Argi dute bateraezina dela Mikelen aitortza ekitaldian agertzea, eta aldi berean, “tortura argitzeko bideak ixtea sekretu bihurtuz, eta, beraz, praktika horiei babesa emanez”. Berriki “Gora Guardia Zibila” ozen aldarrikatzen agertu dela aipatu dute, eta honek guztiak “hipokresia puntu bat” adierazten duela: “Gauza da Guardia Zibilaren agintari guztien aurrean, eta torturatzaile izan diren guztien aurrean euren lana goraipatzeko eta “Gora Guardia Zibila!” esateko; euren papera babesteko, errepresio bortitzarena. Familiarentzat iraingarria izan da. Lotsagarria da”.
Mikel Zabalza Herri Ekimenak egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen jarraituko duela adierazi du, bide horretan jarraituko duela. Berriz nabarmendu du Espainiako Estatuak Zabalzaren kasuan izan zuen ardura aitortzea: “Denok dakigu zer gertatu zen. Beraiek ere, alde batetik edo bestetik onartu dute. Alberto Perote eta Pedro Gomez Nietoren, eta hainbat guardia zibilen deklarazioetan aitortu dute. Guztiekin egin zutena egin zuten, baina ‘eskua joan zitzaiela’ Mikelekin”. Herriak dakien hori ofizialki esatea nahi dugu, eta familiari esatea egin zutena, eta barkamena eskatzea, eta bide judiziala irekitzea. Intxaurrondon gertatu zena aitortzea. Eta ardura aitortzea. Gobernuak berak esan beharko luke”.