Kontsumo masiboak dakarren karga etiko eta ekologikoaz ohartarazi dute ekintza baten bidez
'Black Friday' egunarekin lotutako eskaintza oldearen aurrean, ehungintza sektoreko langileen prekarietatea, kutsadura, giza eskubideen urraketa eta hurbileko merkataritzaren galera salatu dute gaur Garbera merkataritza zentroan.
Donostiako hainbat ekintzailek kontsumo masiboak dakartzan ondorioen inguruan ohartarazi dituzte herritarrak. Garbera merkataritzan erosketak egiten ari direnei eskuorriak banatu dizkiete, eta neurrigabeko eskaintzan oinarritutako kontsumo eredua kritikatu dute. Garbera gaur jendez lepo zegoela azaldu dute, eta espero dute jendea kontsumo masiboak dakartzan ondorioez jabetzea. Besteak beste, konturatzea zergatik den horren merkea arropa.
Super deskontu kanpainen aurka egoteko arrazoiak nabarmendu dituzte gaur banatu dituzten eskuorrietan. Batetik, beharrezkoa ez den kontsumoa modu oldarkor eta konpultsiboan sustatzen dela uste dute. Bestetik, ehungintza sektoreko langileen esplotazioa eta prekarietatea salatu dute: lanaldi luzeegiak, segurtasun falta larriak lantokietan, soldata baxuak…
Kontsumo eredu honek lan esplotazioan eta giza eskubideen urraketan oinarritutako enpresa eredu mota bat indartzen laguntzen dutela diote. Gainera, mugarik gabeko kontsumoak hondakin kopuru handia eta kutsadura dakarrela adierazi dute. Black Friday-arekin lotutako kanpainek tokiko eta gertuko merkatariei eragiten diela ohartarazi dute, eta saltoki zein korporazio handiei egiten diela mesede.