Zardoya Otis enpresak utzi dituen lurretan auzoarentzako parke bat egitea proposatu dute
Garai batean eremu industriala izan zen gunea berregin eta 465 etxebizitza egitea aurreikusi du Donostiako Udalak. Herripe auzo elkarteak, ordea, auzoan falta diren ekipamenduei eman nahi die lehentasuna, eta bizilagunentzako "birika berde bat" egiteko eskatu du.
60ko eta 70eko urteetan enpresa eta fabrika asko eraiki ziren Herreran. Gainera, garai hartako hirigintza ereduak eragin handia izan du bizilagunen bizi kalitatean: “Errepideez, trenbideez eta pasabideez gainezka dago auzoa. Dotaziorik gabe, espazio librerik gabe, lorategirik gabe, oinarrizko ekipamendu eta zerbitzu publikorik gabe. Azken finean, 1.500 bizilagun baino gehiago dituen komunitate bat, Altzarekin batera masifikatuta dagoena, biziberritzeko eta hornitzeko beharra duena, eta etxebizitza zein auto gehiago jasan ezin dituena”.
Hain zuzen, auzoaren masifikazioaren inguruan duten kezka areagotu da azken asteetan. Herrerako tren geltokiaren aurrean dagoen gunean, Zardoya Otis enpresaren zona industrialean, hirigintza plan bat iragarri du Donostiako Udalak, eta aurreikusi du 465 etxebizitza egitea. Jarduera ekonomikoetarako pabiloi guztiak eraitsiko dituzte, eta 12 etxebizitzatako bizitegi eraikin bat ere bai. Gune handia da; 20.000 metro kuadro baino gehiago dituen eremua da. Auzo elkartearen arabera, bederatzi solairu edo gehiago izango dituzten dorreak eraikiko dituzte.
Neurririk gabeko hazkundea
Kezka eta haserrea adierazi dute gaur egin duten agerraldian. Udala “neurririk gabe” gune honetarako etxebizitza kopurua handitzen ari dela salatu dute: “2016. urtean, lehen hirigintza hitzarmenean, 198 etxebizitza ziren; 2019an, 360: eta, orain, 465. Neurriz kanpoko, arrazoirik gabeko eta aurrekaririk gabeko hazkundea da. Dentsitatea hektareako 200 etxebizitza baino gehiagora eramango du (lurzoruaren legearen gomendioa 75 zen, eta salbuespen gisa, 100)”. Hirigintza planak ekarriko duen dentsitate maila gehiegizkoa dela uste dute, eta Loiolako hirigintza planarekin konparatu dute: “Loiolan 292 etxebizitza daude 65.000 metro kuadroko eremuan, eta eremuaren %42 berdeguneak dira”.
Zirkulazioan izango dituen eraginen inguruan ere ohartarazi dute: “Ez dute baloratu 400 auto baino gehiagoko trafikoa sortuko dela dagoeneko saturatuta dagoen Herrerako gune batean”.
Etxebizitza kopurua handitzearen ondorioz, espazio libreetarako azalera zati bat dagokio eremu honi, baina espazio hau Erregeneara (Igeldo) eramango dutela salatu du auzo elkarteak: ” Eremuan ez dira antolatu legez dagozkion metroak, eta hiriaren beste puntara eraman dira. Igeldora joan beharko dugu dagokigun parkera paseatzera. Haserrea pizten du honek”.
Herripe auzo elkarteak uste du hirigintza plan honek Otis multinazionalaren “interes espekulatiboari” erantzuten diola: “Udalaren jardunari esker, fabrikako lurzoruaren balioa biderkatuko da, eta hori guztia etorkizuneko etxebizitzen erosleen eta Herrerako bizilagunen kontura izango da, saturazio maila onartezin batera iritsiko baita”.
“Birika berde txiki bat”
Egoera honen aurrean, auzo elkarteak proposatu du 15.000 metro kuadroko lorategi-plaza handi bat egitea: “Aisialdirako leku bat, herritar guztientzako birika berde txiki bat”. Aspaldiko eskaera bat asebetetzeko aukera ere ikusten du auzo elkarteak: Herreran kultur etxe bat egitea. Horretarako Oxigraf eraikina berritzea proposatu dute. Mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa sustatzeko beharra ere nabarmendu dute: “Altzako goialdea eta Herrera lotu behar dira. Ermita bidearen aldapan igogailu bat egitea beharrezkoa da”.
Herrerako gune honetan hirigintza plan hau egin ahal izateko Plan Orokorra aldatu behar du udalak, eta oraingoz ez da etxebizitzak egiteko eperik jarri mahai gainean. Herripe auzo elkartea udaleko alderdi politikoekin bilduko da, eta Plan Orokorraren aldaketa ez babesteko eskatuko die. Kontzentrazioak eta bestelako egitasmo batzuk egitea ere aurreikusi dute, hiriko beste bizilagunek dituzten eskubide berberak dituztela aldarrikatzeko: “Premiazkoa da gure herria birsortzea eta hornitzea ekipamendu, espazio libre, parke eta lorategiekin”.