5.500 lagunek hartu dute parte Literaktum jaialdian

Azaroaren 14tik 27ra egin dute Donostiako Literaktum jaialdia, eta Donostia Kulturak jakinarazi duenez, 5.500 lagunek baino gehiagok hartu dute parte jaialdian. Guztira, 54 jarduera egin dituzte, eta literatura eta zinema izan dira jaialdiko ardatz nagusiak, Zinemaldiaren 70. urteurrena kontuan izanda.
Hain zuzen ere, literaturari eta zinemari buruz hitz egin dute jaialdian hainbat idazlek, gidoilarik eta zinemagilek; besteak beste, Jesus Carrasco, Virginia Feito, Jon Arretxe, Eduardo Mendoza, Gabriela Ybarra, Lorenzo Silva, Abdellah Taia eta Miren Gorrotxategi idazleak, Angeles Gonzalez Sinde zinemagilea eta Joanes Urkixo eta Carlos Vila gidoilariak egon dira.
Eleberri berriei ere tartea eskaini die jaialdiak, eta euren lanei buruz hitz egiten aritu dira Maria Oruña, Isaac Rosa, Hector Abad Faciolince, Iban Zaldua eta Katixa Agirre. Bestalde, idazleekin antolatutako jardueren artean, Eduardo Mendozarena eta Hector Abad Faciolincerena izan dira jendetsuenak. Horrez gain, mahai inguruak, poesia irakurketak, errezitaldi musikatuak, irrati ikastaroak, antzezlanak, bideo foruma, bertso saio literarioa eta bost erakusketa izan ditu jaialdiak; erakusketak, abendura eta urtarrilera arte ikusi ahal izango dira.
Bi urteurren ere izan dituzte hizpide: alde batetik, Pio Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena, Soledad Puertolas eta Luis Antonio de Villena idazleen solasaldiarekin eta erakusketa baten bidez. Bestetik, Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena, haren seme Oierrekin solasean gogoratu dutena.
Literaktum Txikiaren programa ere “arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Ipuin kontalariak, antzezlanek, Haurren Egun Unibertsalaren 6. festak, ikastaroek eta Txano eta Oscarren abenturak gaia izan duen ilustrazio lehiaketak ere izan dute tartea programa zabalean. Azken honetan, 6-12 urte bitarteko haurrek eginiko 120tik gora ilustrazioek hartu dute parte”.