Aperribai Realeko presidente gisa berrautatuko dute asteartean

Realak Administrazio Kontseiluko kideak aukeratzeko Akziodunen Batzar Nagusia egingo du bihar, hilaren 29an, Kursaalean, eta ezusteko handirik gertatu ezean, Jokin Aperribai presidentea berrautatuko dute. Azken urteko kontuen aurkezpenarekin eta onarpenarekin hasiko da batzarra, eta laugarren puntuan hautatuko dituzte Administrazio Kontseiluko kideak.
Horrela, Aperribai Realaren historian presidente karguan urte gehien pasatu dituena izango da; gaur egun, Jose Luis Orbegozo da errekorra duena, hamasei urtez izan baitzen presidente, 1967tik 1983ra. Aperribaik hamalau urte daramatza, eta hurrengo legealdia 2027an bukatuko da; beraz, ordurako hemeretzi urte eramango lituzke karguan.
Administrazio Kontseiluko egungo hamalau kideetatik, hamahiru aurkeztuko ditu Realak berrautaketara, eta aldaketa bakarra Aitor Mendibilena izango da. Mendibilek hamalau urte daramatza kontseilari izaten, baina kargua utziko du, eta Joseba Ucin proposatuko du klubak. 43 urteko donostiarra da Ucin, Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, eta Ucin Aluminio S.A. enpresako kontseilaria. Realak “eskerrak” eman dizkio Mendibili, “kontseilari lanetan aritutako denboran egindako lanagatik”.
Horrela, hamalau pertsona hauek osatuko lukete administrazio kontseilua datozen bost urteetan –hurrengo hauteskundeak 2027an izango dira–: Aperribai bera, Fermin Altuna, Nerea Aranburu, Maite Azkoaga, Jose Ramon Fernandez de Barrena, Joseba Ibarburu, Javier Igartza, Angel Oiartzun, Alex Pereda, Jesus Ruiz, Ignacio Serrats, Mikel Ubarretxena, Alex Uranga eta Joseba Ucin.
Klubaren egoera ona ikusita, Aperribaik akziodunen %97aren babesaren bueltan jasotzea aurreikusten da, azken hauteskundeetan babes hori jaso baitzuen. Gainera, ez dauka oposiziorik. Horrela, armagintzaren munduko enpresari debarra bere laugarren legealdian murgilduko litzateke, 2008an hautatu baitzuten presidente estreinakoz, Akziodunen Batzar Nagusi liskartsu batean, kluba oso egoera txarrean zegoenean. Ordutik, kluba nabarmen hobetu da kirol arloan zein arlo ekonomikoan, eta Zubietako azpiegiturak hobetzea izango da Aperribairen helburu nagusia hurrengo urteotan.
Aurrekontua
Klubak 128.413.978 euroko aurrekontua aurkeztuko du batzarrean datorren urterako, Naiz hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Aurrekontua iazkoa baino zortzi milioi euro baxuagoa da, eta 4.301.217 euroko galerak planteatuko dizkie akziodunei, pandemiaren ondorioz telebistako diru sarrerak eta beste partida batzuk murriztu izanaren ondorioz. Horrela ere, datorren urtean 675.000 euroko etekinak izatea aurreikusten du klubak, bazkideen kuotak igo gabe eta klubaren egun erdiak ezarri gabe.