Hamabost bat elkarte gastronomikok bat egin dute Kafekoak egitasmoarekin

Bukatzear da Donostiako elkarte gastronomikoek Kafekoak kanpainan parte hartzeko epea. Maiatzean abiatu zuten egitasmoa elkarte gastronomikoetan, kafe kontsumoak sortzen dituen hondar guztiak birziklatzeko helburuarekin. Ordutik, hamabost bat elkartek bat egin dute proiektuarekin.
“Horrek esan nahi du gaur egun 5.000 donostiarrek baino gehiagok birzikla ditzaketela kafe- hondarrak, kapsulak eta beste hondakin batzuk, elkarteetan banatu diren edukiontzi berezietan utziz eta proiektuan sartzen diren sentsibilizazioko jarduera osagarrietan parte hartuz”, adierazi du Jose Ma Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Gainera, esperientziaren arrakastari esker, proiektua iragan astean aurkeztu zuten Madrilen antolatu zen Ingurumenaren Kongresu Nazionalean (CONAMA).
Hernandezek gaineratu duenez, Donostiako elkarte gastronomikoek harrera bikaina egin diote kanpainari, eta urte bukaeran amaitutzat ematea aurreikusi dute. Hala ere, epe gehigarri bat ireki da oraindik izena eman ez dutenentzat, eta, beraz, elkarteren batek proiektuan parte hartu nahi badu, hilaren 18a baino lehen egin beharko du eskaera, telefonoz (943-45 35 26) zein emailez (cristinaenea@donostia.eus).