Intxaurrondoko eta Egiako 2023ko egutegiak eskuragarri daude

Hilabete eskas gelditzen da 2023. urtea hasteko, eta Egian eta Intxaurrondon prest dituzte egutegiak. Auzo bakoitzeko hainbat establezimendutan daude salgai.
Egiaren kasuan, Gordegiak egin du egutegia, auzoko artxibategi grafikoak. Auzoko argazkiekin osatu dute, “historia eta auzo paisaia uztartuz, zuri-beltzezko zein kolorezko argazkiekin”. Irudi guztiek azalpen txiki bat daukate, oharrak idazteko espazio bat, ilargi aldiak eta auzoko egun bereziak (Subizi gaua, Porrontxo jaiak, eta abar). Azaleko irudia Fernando Postigo argazkilariarena da, Iñaki Kijeraren heriotzaren harira eginiko mobilizazio batean egindakoa. Hain zuzen ere, hedabide honek Postigo elkarrizketatu du berriki, eta hemen irakur dezakezue.
Auzoko establezimendu hauetan erosi daiteke egutegia, 10 euroan:Atotxako sorgina liburu dendan, Aitor Ikastolan, Basarri tabernan, Eizmendi burdindegian, Ostotsa tabernan, Arkatza liburu dendan, Teila Fabrikan, Koxko tabernan, Kata tabernan, Mu harategian, Los Riojanos tabernan eta Bidea tabernan.
Intxaurrondori dagokionez, Izbe auzo elkarteak egin du egutegia, eta auzoko argazki zaharrek osatzen dute. 5 euroan erosi daiteke, establezimendu hauetan: Amagoia janari dendan, Lizardi tabernan, Leku Eder tabernan, J. Clara liburu dendan, Gaztelu liburu dendan, Talai tabernan, Book liburu dendan, Irurak tabernan, Bilindo tabernan, Erdikoa tabernan, Intxaurrondo Zaharreko Aitona-Amonen Etxean, Zubiaurre okindegian, Intxaurrondo Zaharreko estankoan, Artatxiki Biogunean eta Zulo Zahar tabernan.