Señor No taldeak 30. urteurreneko diskoa grabatuko du Dabadaban

Señor No punk-rock talde donostiarrak 30 urte beteko ditu 2023an (1993an sortu zen), eta urteurrenaren harira, euren hurrengo diskoa grabatuko dute abenduaren 30ean, zuzenean, Dabadaba aretoan. Taldeak zortzi disko argitaratu ditu azken hiru hamarkadotan, single ugariz eta beste musikari batzuekin egindako elkarlanez gain; esaterako, Got me a hot one! diskoa (Bloody Hotsak, 2009) argitaratu zuten Roy Loneyrekin.
2005ean, Señor Si diskoa (Gaztelupeko Hotsak) grabatu zuten Egiako Le Bukowski aretoan, eta orain, taldeak 30 urte beteko dituenean, beste disko bat grabatuko dute auzo berean. Ohiko legez, Xabi Garre egongo da ahotsean eta gitarran, eta lau musikari hauekin batera igoko da Dabadabako oholtzara: Fumai baxuan, Fosy bateria eta Jorge Colldan eta Joseba B. Lenoir gitarretan. Kontzertua abenduaren 30ean izango da, 20:30ean, eta sarrerak aretoaren webgunean edo han bertan erosi daitezke, 12-15 euroan.