Gabonetan elkartasun elkarteei ikusgarritasuna emango diete

Donostiako Udalak abenduaren 2an piztuko ditu Gabonetako argiak. Egun berean, programa berezi bat jarriko dute abian elkartasun elkarteei eta gobernuz kanpoko erakundeei ikusgarritasuna emateko. Donostia Sustapenaren bidez, adin guztietarako jarduerak, hitzaldiak eta tailer egitarau oso bat prestatu dituzte.
Gabonetako Azokaren ondoan karpa solidario bat jarriko dute. Handik, irabazi asmorik gabeko hainbat erakunde igaroko dira egun guztietan, eta egiten duten lana jendaurrean erakutsiko dute. Lehendabiziko elkartea Rodovid izango da (Euskadiko lehen zentro ukraniarra); eta, ondoren, ECO-Kafea, Zaporeak, Aita Mari eta Aspace igaroko dira elkartasun etxolatik.
“Donostia hiri solidarioa da, eta hala erakutsi du beti; eta orain ere, Gabonak hurbil ditugula, Donostiako profil jasangarriago, solidarioago eta inklusiboago bat erakutsi nahi dugu”, esan du Marisol Garmendia Ekonomia zinegotziak.
Jarduerei dagokienez, askotarikoak dira antolatu dituztenak. Garbera merkataritza zentroaren laguntzarekin, zinemarako sarrerak banatuko dizkiete hainbat elkarteri. Itsasontzi bidezko ibilaldiak egingo dituzte Urumea ibaian zehar, erakunde solidarioentzat. Adineko pertsonentzako trizikloko ibilaldiak hirukoiztu egingo dituzte.
Azkenik, Frantzia Pasealekuko plazan –tren geltokiaren aurrean– jarriko duten karpa gune solidario bihurtuko da, eta bertatik igaroko dira UNICEF, Caritas, Pausoz-Pauso, Zaporeak, Aita Mari, Kalapie, Aspace, AECC Gipuzkoan eta Gipuzkoako Jaiotzen Elkartea –aurten 75 urte betetzen dituena–.
Agenda solidarioak iraunkortasunarekin loturiko jarduerak ere izango ditu. Esaterako, Kalapie elkarteak bizikletak konpontzeko tailer bat emango du. ECO-Kafeak, berriz, hainbat produktu erakutsiko dituzte horiek dena kafe kapsula birziklatuekin egindakoak.
Gabonetako gune solidarioen programazio osoa helbide honetan kontsultatu daiteke.