Merkataritza kanpaina abiatu dute Antiguan

Gabonak heltzear dira, eta, horren harira, merkataritza kanpaina abiatu du Antigua auzoko AntiguON merkataritza elkarteak (Gipuzkoako Merkatariak Federazioaren barruan dago), Bizi Gabonak bete-betean AntiguON lelopean. Azaroaren 29tik abenduaren 26ra egingo dute, auzoko kontsumoa sustatzeko, saltokietako jarduera komertziala dinamizatzeko eta bezeroak saritzeko eta fidelizatzeko helburuarekin. Elkarteko bazkide dira auzoko 60 bat establezimendu, eta kanpainak 42k hartuko dute parte.
Kanpainan parte hartzen ari diren saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean sari asko zozkatuko dituzte: kanpainako establezimenduen produktuekin eta zerbitzuekin osatutako saski bat (1.500 euroko balioa du), 1.200 euro kanpainako saltokietan gastatzeko erosketa bonuetan eta kanpainako establezimendu bakoitzeko errege opil bat, The Loaf eta Otaegui okindegiek egindakoak. Horrez gain, elkartearen sare sozialen bidez Antiguo Berri zinema aretoko proiekzio batzuetarako sarrerak eta auzoko jatetxe batzuetan bazkaltzeko edo afaltzeko txartelak zozkatuko dituzte.
Berriki, Grosen antzeko kanpaina bat abiatu dute, Zuk argitzen duzu Gros lelopean.