Ciklus Ensemble taldeak Donostian joko du larunbatean
Ciklus Ensemble taldeak Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren egoitzan joko du larunbatean, Atotxako Zelaia plazan, hain zuzen ere. Estreinatu berri duten Moby Dick obra eskainiko dute, 12:30ean, doan.
Iñaki Estrada Torio konpositore donostiarrak ondu du obra, Herman Melville idazlearen eleberri ezagunean oinarrituta. Madrilgo Reina Sofia museoan estreinatu zuten urriaren 24an, ikusle ugariren aurrean. Gainera, kritika onak jaso zituen emanaldiak.
Ciklus Ensemblek beste kontzertu formatu bat jorratzen du obran, soinu esperientzia bat bizitzera gonbidatzen gaituena. Horretarako, antzerkiarekin, elektronikarekin eta teknologia berriekin egindako hibridazio batean, “airearen antzerkia” erabiltzen du, garai bateko irrati dramen izaerara itzultzen dena, ikuspegi garaikide eta nagusiki musikal batetik.