Gamazada herri altxamenduko Donostiako errepresaliatuen memoria berreskuratu nahi dute
130 urte beteko dira Gamazada herri altxamendua gertatu zenetik, eta Guardia Zibilak hiru donostiar hil eta hamarnaka jazarri zituenetik.
Duela ia 130 urte, 1893ko abuztuaren 27an, Espainiako Guardia Zibilak hiru donostiar hil zituen tiroz, Londres hotelaren kanpoaldean, Espainiako presidente Praxedes Mateo Sagastaren aurkako Gamazada edo Sanrokada herri altxamenduan: Justo Perez, Rufino Azpiazu Etxeberria eta Bixente Urzelai. Era berean, hamar lagun zauritu zituzten, eta hamarnaka atxilotu. Bulebarreko kioskoan hasi ziren egun hartako istiluak, hainbat herritar Gernikako Arbola abesten hasi zirenean, eta Londres hotelaren parean izan zen tiroketa (Sagasta hotelean zegoen).
Gogorra izan bazen ere, ez da bereziki gertakari ezaguna Donostian, eta, horregatik, urteurrenaren harira, hainbat egitasmo egin nahi dituzte hirian. EH Bilduk agerraldia egin du asteazken goizean udaletxean, eta jakinarazi du Eneko Goia alkateari eta udalbatza osoari eskatuko diotela kioskoan gertakariaren inguruko oroigarri bat jartzeko Gernikako Arbola aipatuz, eta garai hartan Londres hotela zegoen tokian –Getaria, Hondarribia eta San Martzial kaleen arteko etxadian– beste oroigarri bat jartzeko, hildakoen izenekin. Bi aste barruko udal batzordeetan aurkeztuko dute eskaera, eta Markel Ormazabal zinegotziak azaldu duenez, omenaldiak “ahalik eta kohesio gehien” lortzea espero dute, “bai talde politikoen artean, bai sindikatuen artean, eta abar”.
Ormazabalek gaineratu du “Donostiako herri memoria berreskuratzeko beste urrats bat” dela Gamazadan gertatutakoa aitortzea eta oroitzea: “Badirudi hiri santu honetan kontakizun historiko bakarra dagoela 1813ko erreketatik 1936ko gerra hasi zen arte: belle èpoque-arena, monarkiarekin lotutakoa, turismoarekin, aristokraziarekin eta presidenteekin. Ordea, beste kontakizun asko daude, 1931ko Ategorrietako sarraskia, adibidez”.
Herritarrek ere oroituko dute
Ildo beretik jo du Martin Anso kazetariak: “Ematen du erreketa hura gertatu eta gero, donostiar guztiak, pertsona bakarra balira bezala, jo eta ke aritu zirela norabide berean, laster udako errege gorte bihurtu zen hiri hura altxatzen, hiri aristokratikoa, frantses zalea, liberala (liberala alor batzuetan, bederen). Kontuan izan hura, oraindik ere, Donostiaren Urre Arotzat dugula. Ematen du prozesu hartan ez zela gatazka politiko edo sozialik izan (bueno, bai, karlistaldiak, baina karlistak ‘probintziakoak’ ziren, ezta?, ez donostiarrak). Bada, hori guztia ez da egia, eta Donostia, edozein hiri bezala, interes desberdinen jokaleku izan da, eta horrek, nahitaez, gatazkak sortu ditu”. “Erakutsi diguten historia, eta egun ere diskurtso askotan antzematen den historia, historia edulkoratu eta interesatu samarra da”, gaineratu du.
Hain zuzen ere, Ansok idatzi zuen Donostiako Herri Batasuna alderdi politikoak duela ia 30 urte zabaldutako Donostiako Gamazadari buruzko esku liburua, eta ondo ezagutzen du 1893ko abuztuaren 27 hartan gertatutakoa; garaiko prentsako kroniketan oinarrituta idatzi zuen esku liburua. Gertakariaren mendeurrenaren harira egin zuten liburuxka, herri memoria berreskuratzeko asmoz. Hain zuzen ere, orduan Herri Batasunako kide zen Joseba Alvarezek azaldu duenez, kioskoan hildakoen izenak zeramatzan plaka bat jarri zuten orduan, baina udalak “handik bi egunera-edo kendu egin zuen”.
Horrela, EH Bilduren eskaerez gain, hainbat herritar Gamazadaren testuinguruan Donostian gertatutakoaren memoria berreskuratu nahian dabiltza, eta herri ekimen horretako kide Josean Catalanek azaldu duenez, abuztuaren 27an “zerbait” egingo dute kioskoan: “Oraindik ez daukagu gauza handirik lotuta, baina hainbat eragilerekin hitz egin dugu, egitasmoren bat antolatzeko. Ahalik eta zabalena izatea nahi dugu, eta Gernikako Arbola abestuko dugu, noski”.
Gamazada Donostian
Ansok azaldu duenez, 1893an, krisi ekonomiko handia bizi zen Espainiako Estatuan, eta, horren harira, protesta ugari izan ziren urte horretan estatuko hainbat lekutan. Ordea, Hego Euskal Herrian handiagoak ziren protestak, Sagastaren gobernuko German Gamazo Ogasun ministroak foruen azken arrastoa, kontzertu ekonomikoa, murriztu egin baitzuen dekretu baten bidez. Horrela, foruen aldeko aldarrikapen bihurtu ziren Hego Euskal Herriko protestak, eta Ansok nabarmendu du “foruzaletasunaren eta abertzaletasun modernoaren arteko zubi” izan zirela: “Testuinguru hartan Sabino Aranak Larrazabalgo diskurtsoa egin zuen, ikurrina sortu zen eta Sanrokada ere gertatu zen, non Espainiako banderari aurreneko aldiz su eman zitzaion publikoan”.
Testuinguru horretan iritsi zen urte hartako abuztuaren 27a, eta garaiko udako giroa zegoen Donostian: zezenketak bukatuta, Donostiako Udaleko Musika Banda Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen. Horrela, herritar talde batek bandaren zuzendariari eskatu zion Gernikako Arbola jotzeko, baina zuzendariak ezetz esan zuen, alkateak berak errepertoriotik kanpo ezer ez jotzeko agindu ziola argudiatuta.
Horren aurrean, herritar horiek Gernikako Arbola abesten hasi ziren: “Serenoek atxilotu nahi izan zituzten, baina jendeak eragotzi. Giroa berotzen ari zen. Eta halako batean, oihuak hasi ziren: ‘Gora foruak! Goazen Sagastaren etxera!’. Izan ere, agintariak Donostiara etortzen ziren udan, eta Sagasta Londres hotelean zegoen ostatu hartuta”, kontatu du Ansok. Kazetariak azaldu duenez, Londres hotelera joan ziren manifestazioan, foruen eta errepublikaren aldeko oihuak botaz eta Gernikako Arbola eta Frantziako ereserkia abestuz. Hotelera iristean, istiluak hasi ziren: “Ausartenak hotelean sartzen saiatu ziren, baina poliziek eragotzi zieten. Orduan, manifestariak harrika hasi ziren. Jarraitu zuten oihuek eta kantuek. Halako batean, hoteleko atzeko partetik, 20-30 guardia zibil sartu eta jendaurrean agertu ziren. Abisurik eman gabe, tiro egin zuten, behin eta berriro. Horren ondorioz, hiru lagun hil ziren [lehen aipatutakoak] eta beste asko balaz zauritu ziren. Armada kalera atera zen, eta hasi ziren atxiloketak”.
Ordea, jazarpena ez zen hor bukatu, Ansok nabarmendu duenez: “Hurrengo egunean, gobernuzaleek erantzukizun guztia manifestariei leporatu zieten, eta, harroputz edo inkontziente, Udal Bandaren kontzertua ere ez zuten bertan behera utzi. Musika jotzen hasi bezain pronto, talde batek isilarazi zuen, eta bertaratutakoek Gernikako Arbola kantatu zuten. Poliziak eraso egin zuen eta karrerak eta saltoak ugaldu ziren. Guardia Zibilak zaldiz kargatu zuen. Gauean, kaleak hutsik zeudela, sereno, mikelete, polizia eta gainerakoak ehizan aritu ziren, atariz atari eta etxez etxe. Eta, hurrengo egunean, antzeko”.
Ordea, egoerak gainezka egin zion orduko udalari, eta batzar batera deitu zituen herritarrak, abuztuaren 30erako: “Parte hartzaileek gauza asko aurpegiratu zizkioten elkarri, baina hura bukatu beharra zegoela adostu zuten: gobernadoreari soldaduak eta guardiak erretiratzeko eskatu zioten; trukean, batzarrean bertan osatutako talde bat arduratuko zen aurrerantzean orden publikoaz; eta, azkenik, arratsalde hartan bertan, udalak eta batzarrak deituta, manifestazioa egingo zen, eta, bukaeran, Gernikako Arbola kantatuko zen. Hala izan zen, milaka donostiarrek hartu zuten parte. Eta, bukaeran Gernikako Arbola ez behin, hirutan baizik kantatu zen”, kontatu du Ansok.
Kazetariak dioenez, gertakariek “aztarna sakona” utzi zuten orduko Donostian. Ordea, gaur egun ez da horren ezaguna; horregatik, hildako hiru donostiarren eta jazarritako guztien memoria berreskuratu nahi dute orain.