Hezkuntza Publikoko grebaren jarraipena %60koa izan dela azaldu dute sindikatuek
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deituriko gaurko greben eta mobilizazioen jarraipena “zabala” izan dela adierazi dute. Azaldu dutenaren arabera, bataz beste, langileen %60 batu da grebara; irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko langileak, eskoletako hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldariak eta garbitzaileak izan dira deituak. Publikoa, euskalduna eta propioa helburu lelopean, Hezkuntza Legea langileekin eraikitzeko eskatzeko mobilizazioa egin dute Donostian, 18:00etan.
Sindikatuen arabera, “argi gelditzen da hezkuntza komunitatearen parte zabala den langileriak bat egiten duela gure irakurketarekin; alegia, lege-aurreproiektuaren zirriborroak, egungo hezkuntza eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela”. Beraz, borrokatzen jarraituko dutela adierazi dute, “sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko”.
Sindikatuen iritziz, sare publikoa da aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horretarako, datorren abenduaren 14ean ere greba eta mobilizazio eguna deitu dute.