Realeko akziodunen babes zabala jaso du Jokin Aperribai presidenteak
Atzo arratsaldean, Realeko akziodunen batzar nagusia egin zuten Kursaaleko kongresu jauregian. Soilik 152 akziodunek (%34,59) parte hartu zuten, eta babes zabala eskaini zioten Jokin Aperribai presidenteari (%99,84) eta administrazio kontseiluari (%99). Horrela, Aperribaik beste bost urtez jarraituko du presidente gisa bere laugarren agintaldian.
Datozen urteei begira, Aperribaik adierazi zuen “ilusiorik handiena” eragiten dion agintaldia izango dela. Bestalde, zaleei eskerrak eman zizkien: “37.854 bazkide ditu orain Realak, 2017an baino 13.000 gehiago. Horiek egin dute Anoetako erreforma arrakastatsua izatea”.
Datu ekonomikoei dagokienez, ligako kontratuen telebistako diru sarreretan COVID-19aren ondorioz izandako galerak txikiak izan direla adierazi zuen administrazio kontseiluak. Galera horiek ez ziren esperotakoak, baina klubaren egoera aldatu ez dutela gaineratu zuten. Gaur egun, klubaren ondare garbia 71 milioi eurokoa dela diote, eta errekurtso propioak 56 milioi eurokoak. “Osasuntsu eta indartsu dagoen Reala erakusten digute datuek”, azaldu zuen Nerea Aranburu Realeko kontseilariak.