Txistulariek emanaldi bereziak eskainiko dituzte asteburuan
Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak emanaldi bereziak prestatu ditu astebururako, 2022ko Euskaraldiaren bukaeraren (ostiralean bukatuko da) eta larunbateko Euskararen Egunaren harira.
Larunbatean, kantujira berezia egingo dute Parte Zaharreko kaleetatik, 12:00etan Konstituzio plazatik hasita; euskarari eskainitako doinuak abestuko dituzte. Ondoren, 18:00etan, erromeria antolatu dute, Konstituzio plazan.
Igandean, diana berezia emango dute txistulariek Erdialdetik, Ikusi mendizaleak, Aitorren hizkuntz zaharra, Behin betiko eta beste hainbat doinu eskainiz. Eguerdian, 12:15ean, kontzertu berezia emango dute Konstituzio plazan: “Taldeak beharrezko oinarri musikala ezarriko du bertan bertaratutako guztiek beraiekin abestu eta dantzatuz ekintzaz beteriko asteburu honi amaiera emateko”, azaldu dute.