Añorgako Asgarth taldeak 'Zeldatik' diskoa argitaratu du
17 urte luzeren ondoren, Asgarth heavy metal banda donostiarrak Zeldatik bosgarren diskoa kaleratu du. Lan berrian taldea bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, boskotea berrituta eta soinua indartuta. Euskarazko heavy metal taldeak 2020 hasieran iragarri zuen itzulera, baina ordutik itzalean egin du lan, pandemiaren ondorioz.
Orain, hamaika abesti berri aurkeztu ditu, konfinamendu garaian, etxeko zeldatik egindakoak. Hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak dira. Diskoa Usurbilen grabatu zuten Haritz Harregirekin. Azala, berriz, Iker Bengoetxea (The Ogrocadaver) artistak egin du.
Lehen aurkezpen kontzertuen datak ondorengoak dira: hilaren 10ean Antiguako Doka antzokian izango dira, eta hilaren 17an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.