Bideak auzo elkartea, Bidebieta biziberritzeko
Bidebietan Bideak auzo elkartea sortu berri dute, azken hamabost urteotan Bidebieta-La Paz bizilagunen sareak egindako lanaren lekukoa hartzeko. Auzoaren beharrei erantzutea dute helburu, bai mantentze eta hobetze lanei dagokienez, eta bai auzo bizitza sortzeko egitasmoei dagokienez.
Jon Tamayo Bidebietakoa da betidanik, eta auzoko bizitza sustatzeko beharra ikusi zuen duela ia hamabost urte. Horrela, Bidebieta-La Paz bizilagunen sarea sortu zuen: «Facebooken talde bat sortu nuen, auzoan bizi zen jendeak edo auzoan bizi izandakoak harremanak berreskuratu zitzaten. Hasieran, bi pertsona baino ez zeuden taldean, baina bi hilabetean 400 pertsona izatera heldu ginen. Komunitate polita sortu genuen». Taldea handitzen joan zenez —1.335 parte hartzaile izatera heldu da—, auzoko eragile bihurtu zen, eta taldekideen boluntario lanari esker, hainbat eskaera egin dizkiote udalari urteotan, eta hainbat egitasmo antolatu dituzte auzoan.
Ordea, beste pauso bat emateko erabakia hartu dute orain, Tamayok azaldu duenez: «Puntu batera iritsi gara, non indar gehiago izateko, beharrezkoa den elkartea legalki sortzea. Izan ere, erakundeekin daukagun harremana ona da, baina mugatua da aldi berean, elkarte bat sortu gabe gauzak eskatzera noanean, udalaren aurrean bizilagun bat baino ez naizelako. Orain, 9.000 bizilagun ordezkatzen dituen elkarte bat gara. Horrek egoera aldatzen du».
Horrela, Bideak auzo elkartea sortu dute, Bidebieta-La Paz bizilagunen sareak egindako lanaren lekukoa hartzeko, helburu nagusi batekin: «Bidebieta gainontzeko auzoak bezalakoa izatea, ez gehiago eta ez gutxiago». Izan ere, Tamayok nabarmendu du desberdintasun handiak daudela auzoen artean: «Ekialdeko Barrutiko auzoen artean, adibidez, berdintasuna behar dugu. Ez da posible mugakideak diren auzoen artean hain desberdintasun handiak egotea bizitza kalitatean, zerbitzuetan, eta abar. Guk, adibidez, berdeguneak ditugu, eta Altzak ez; bada, irtenbide bat bilatu beharko zaio horri. Ordea, Altzak bi kultur etxe ditu, eta guk ez daukagu kultur etxerik». Halaber, zehaztu du ez dutela «beste auzoekin lehiatu nahi, inondik inora».
Kultur etxearena, hain zuzen ere, auzoaren aldarrikapen historiko bat da, Bidebietakoek ez daukatelako elkartzeko edo ekitaldiak antolatzeko espaziorik: «Auzo elkartekoak, adibidez, parrokian biltzen ari gara». Tamayok gaineratu duenez, auzoan badaude kultur etxe bat irekitzeko aukerak: «Ez duzu zertan zerotik eraiki behar, eskola zaharrean leku asko baitago erabili gabe, eta hori eraberrituta, hor jarri dezakete kultur etxea».
Askotariko beharrak
Kultur etxearena da auzoaren behar handienetako bat, baina ez bakarra. Tamayok azaldu duenez, askotariko beharrak identifikatu dituzte azken urteotan, baita udalari horien inguruko eskaera zehatzak egin ere. Esaterako, Bidebietan gero eta establezimendu gutxiago daudela ikusita, auzoko ekonomia berpizteko plan berezi bat eskatu diote udalari: «Establezimendu bat irekitzea bideragarria izateko eta auzoan kontsumitzeko ohitura sustatzeko».
Horrez gain, hauek dira auzo elkartekoek identifikatu dituzte beste behar batzuk: aparkatzeko dauden arazoen aurrean, errotaziozko aparkaleku sistema bat ezartzea; auzoarentzako beste autobus linea bat jartzea; Dbiziren bi geltoki jartzea —bidegorriaren proiektua onartzea lortu dute, Kalapierekin batera—; euri uren kanalizazioan mantentze lanak egitea eta auzoko platanondoak kimatzea, Tamayok dioenez, asko «landatu zituztenetik ez baitituzte kimatu, 1967tik».
Kultur eta aisialdi eskaintza
Mantentze eta hobetze lanen inguruko beharrez gain, auzoak bestelako beharrak dituela gogorarazi du Tamayok: «Jendeak auzoa bizirik ikusi nahi du, mugimendua ikusi nahi du kalean». Horregatik, urteotan hainbat kultur eta aisialdi egitasmo antolatu dituzte saretik: Musikauzoan musika jaialdia, Zinebide zinema zikloa eta Gabonetako argien lehiaketa, besteak beste.
Egitasmo arrakastatsuak izan direla nabarmendu du Tamayok, eta gehiago antolatu nahian dabiltzala: «Hilero egitasmo bat antolatzeko helburua daukagu: irailean Zinebide daukagu, urrian Musikauzoan eta abenduan Gabonetako argien lehiaketa. Orain, azoka bat antolatu nahi dugu, baserritarrek euren produktuak ekar ditzaten eta auzokoek erabiltzen ez dituzten gauzak saldu eta beste gauza batzuk erosi ditzaten; horrek bizitza sortzen du auzoan».
Hurrengo pausoak
Auzo elkartea sortu berri dute, baina datozen hilabeteak «trantsiziozkoak» izango direla azaldu du Tamayok: «Bidebieta-La Paz bizilagunen sarea eta Bideak elkarlanean ariko dira, eta, urtebete barru, sarea guztiz bere egingo du Bideakek». Horrela, hurrengo pausoa izango da auzo elkartea indartzeko kanpaina abiatzea: «Interesa duen orori proposatuko diogu bazkide izateko, urtean kuota bat ordainduta. Era berean, auzoko establezimenduei laguntzaile izatea eskainiko diegu, ahal duten ekarpena eginez».