Donostia, hiribururik euskaldunena?
Bost urtean behin egiten du euskararen kale erabileraren neurketa Soziolinguistika Klusterrak. Azkena iazko udazkenean egin zuten, eta aurten argitaratu dituzten emaitzek diotenez, azterketa egin zuten unean, hiriburu guztien artean, Donostian entzun zituzten euskarazko elkarrizketa gehien (%15,3). Ehunekoei dagokienez, hiriburu euskaldunena Donostia dela esan daiteke, baina datuak baxua izaten jarraitzen du. Emaitzetatik abiatuta, hirian euskararen egoera nolakoa den aztertzen saiatu gara Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikerketaren zuzendariarekin, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruarekin eta Ainara Vazquez Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteko kidearekin batera.
Donostiako euskararen kale erabileraren datuei erreparatzean, lehen begi kolpean ikus dezakegun argazki garbia honakoa da: kaleko elkarrizketetan, 100 lagunetik 15 ari ziren euskaraz (proportzioan, %15,3). Euskal Herriko gainerako hiriburuetan euskararen erabilera %2,5 eta %4 artean dago, beraz, Donostia da hiribururik euskaldunena, ehunekoetan behintzat.
Datu horrek azterketa sakonagoa merezi du, ordea, dena ez baita hain positiboa Gipuzkoako hiriburuan. Aurrerago helduko zaio horri, baina, lehenik eta behin, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren zuzendariaren arabera, “garrantzitsua” da zein metodologia erabili duten ulertzea.
Hasieran, ibilbide desberdinak erabaki zituzten Euskara Zerbitzuarekin batera, “Donostiako errealitate guztia jasoko duen ibilbidea zehazteko”. Donostian, 34 ibilbide egin zituzten hemezortzi auzotan banatuta, 2021eko irailaren 17tik urriaren 30era bitartean. “Datuak behaketa bidez jasotzen dituzte neurtzaileek. Kaleko elkarrizketak entzuten dituzte, eta horiek zein hizkuntzatan egiten diren idazten dute, eta hiztunen ezaugarri batzuk ere bai: adina, generoa, haurrak aurrean dauden, eta baldin badaude, hiztun aktiboak diren ala ez”, azaldu du Altunak.
34 ibilbide horietan, sei orduz aritu ziren elkarrizketak jasotzen, Igeldon eta Añorgan izan ezik. “Auzo horietan ibilbide bakarrarekin estatistikoki datu sendoak biltzeko eskas gelditzen zaigunez, hamabi orduko neurketa egiten dugu, asteko egun eta ordu desberdinetan”, zehaztu du Altunak.
Orotara, 44.986 solaskideren 17.083 elkarrizketa aztertu dituzte Donostian, eta honakoak dira, Altunaren arabera, ondorio nagusiak. Alde batetik, momentuko argazkia dago: aipatu bezala, %15,3 ari ziren euskaraz. “Gehienek gaztelaniazko elkarrizketetan hartu dute parte, badira frantsesezko elkarrizketak ere (%2) eta beste hizkuntzetan ari zirenak ere bai (%3). Hori izango litzateke argazki orokorra”, azaldu du Altunak.
Ikerketaren zuzendariaren arabera, azken hamar urteetan, “egonkor” dago euskararen erabilera. “Donostian, Euskal Herriko bilakaeraren antzekoa ikusten dugu: 1993an lehenengo ikerketa egin genuenetik, euskararen erabilerak gora egin du, baina azken hamar urteetan egongor dago”, zehaztu du. Hala ere, badu “berezitasun” bat Donostiak, Altunaren arabera: “Emakumezkoen eta gizonezkoen artean ez dugu alderik topatu. Euskal Herrian joera orokorra da emakumezkoek gizonezkoek baino zertxobait gehiago egitea euskaraz, baina Donostian ez dugu hori ikusi”.
Beste ondorio bat da euskaraz gehien hitz egiten duen multzoa edo adin taldea haurrena dela. Euskaraz gutxien entzun duten adin taldea, aldiz, adinekoena da, 65 urtetik gorakoena. Helduena gazteen aurretik kokatzen dela ere beste ondorio bat litzateke. “Azken edizioan adin berekoen artean zer gertatzen den aztertu dugu. Ikusi dugu harreman horizontaletan, haurra haurrarekin elkartzen denean, gaztea gaztearekin eta heldua helduarekin, harreman horizontal horietan baxuagoa dela euskararen erabilera. Adin taldeetan behera egiten du Donostian, eta Euskal Herrian ere gertatzen da hori”, zehaztu du Altunak.
Eta azken ondorioa da haurren presentziak “eragin positiboa” duela euskararen erabilera areagotzeko. “Haurrak tartean daudenean, euskara gehiago erabiltzen da helduak bakarrik daudenean baino”, adierazi du.
Gaztelaniaren bizikide
Gainerako hiriburuetan baino dezente gehiago hitz egiten da Donostian euskaraz; hasteko, euskaldunen proportzioa ere altuagoa delako gainerako hiriburuetan baino. “Azken datuak oraintxe ari dira argitaratzen, eta %50 inguru dira euskaldunak. Gero, hitz egin beharko genuke euskaldun zeri esaten diogun, baina hautesle erroldako datuak dira, eta euskaraz ondo moldatzen direnak %50 inguru dira Donostian”, zehaztu du Altunak.
Hala ere, ezin da ukatu hirian gaztelaniaren ehunekoa oso altua denik (%79,8). Faktore garrantzitsua da euskaldunen kopuruak euskararen erabileran eragiten duela, baina gaztelaniara ere ekar daitezke datu horiek. “Denok gara gai gaztelaniaz hitz egiteko, eta hori garrantzitsua da. Euskaldun gehienok gara elebidunak gutxienez, eta ia inork ez dugu arazorik gaztelaniaz hitz egiteko. Erabilerari dagokionez, kontuan hartzeko ezinbesteko faktorea iruditzen zait. Bestalde, urte askotan gaztelaniak eremu formalean pisu handia izan du. Gainera, munduko hizkuntza handienetarikoa da, eta horrek guztiak hainbat inertzia edo ohitura elikatzen ditu. Horrek dakar gaztelaniaren erabilera areagotzea”, ondorioztatu du Altunak.
Bat dator berarekin Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren burua ere, gaztelaniaren erabilera hain altua izateko arrazoiei dagokionez. “Alde batetik, euskaraz hitz egin ahal izateko, faktore askok egin behar dute bat. Ez da hain erraza beti, eta aukerak eduki behar dira. Kalean, askotan joera bera izaten dugu: euskalduna ez den norbaitekin gaudenez, gaztelaniaz egingo dugu. Edo, joera da momentu honetan gazteek mundu digitala eta sare sozialak, besteak beste, gaztelaniaz edo ingelesez jasotzen dituztela. Gainera, munduan hizkuntza erraldoi baten ondoan bizitzen ari gara, kalean indar handia dauka, eta oso zaila da horri buelta ematea”, adierazi du Otamendik.
Era berean, nabarmendu du kanpotik ere jendea hartzen duela Donostiak, eta hiri turistiko bat ere badela. “Eta erabilera datuek esan dute gaztelaniaz gain, beste hizkuntza asko entzuten direla Donostiako kaleetan, gero eta gehiago, gainera. Beraz, faktore askok etorri behar dute bat euskara erosotasunez erabili ahal izateko”, aitortu du Otamendik.
Gazteek erreferenteak falta dituzte
Ainara Vazquez Bagera euskaltzaleen elkarteko kidearen iritziz, gazteek euskarazko erreferenteak falta dituzte aisialdirako. Ildo hori askoz gehiago landu behar dela uste du: “Gaur egun, hutsune handia dago euskarazko eskaintzan digitalizazioari dagokionez, eta plataformetan ere oso inbertsio murritza egin da. Oso atzean geratu gara hor. Gaia benetan aztertu behar da, eta inbertsio publikoak egin behar dira, bestela, jai dugu”.
Vazquezen arabera, digitalizazioaren mundua “eremu handiegia eta zabalegia da”, eta tokiko euskara elkarteek ezer gutxi egin dezakete horri buelta emateko. “Bideo lehiaketak eta Atzean Zuloa bezalako proiektuak jarri izan ditugu martxan, baina arazo horri beste maila batean heldu behar zaio”, zehaztu du.
Datuei erreparatuz, Donostian, 2 eta 14 urte bitarteko haurren %29,6 ari ziren euskaraz ikerketaren unean. 15 eta 24 urte arteko gazteen ehunekoa, berriz, %11,3 da. Haurretatik gazteetara dagoen euskararen erabileraren jaitsieraren inguruan kezkatuta dago Euskara Zerbitzua ere, eta, oro har, kezka “EAE osoan” zabalduta dagoela azaldu du Otamendik: “16 urtetik beherako eskaintzarekin lotuta, asko dago egiteko oraindik, baina pixka bat luzera begira, pentsatu beharko genuke 16 urtetik beherako eskaintza guztia D ereduan izatea”.
Hori lantzen ari direla dio Euskara Zerbitzuaren buruak, baina garrantzitsua iruditzen zaio, aldi berean, 16 urtetik beherakoek euskara erabiltzen duten esparruak zaintzea. “Kirol klubekin KEES metodologia dugu aspalditik martxan, eta une honetan, Donostiako 22 kirol elkarte ari dira haur eta gazteen hizkuntza ohiturak aldatzeko lanean. Eskolaz kanpo egiten duten entrenamendu hori ere euskaraz egiteko modu bat da, eta, aldi berean, entrenatzailea ere ari gara motibatzen. 2022-2023 ikasturtean 180 bat taldetan esku hartuko da, eta guztira, 2.500 gazte kirolariren euskararen erabileran eragingo da”, azaldu du.
Bestalde, haurrentzako, Parketarrak izeneko egitasmoa ere jarri du martxan Euskara Zerbitzuak. Egitasmoaren helburu nagusia da haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. “2022an egitasmoa hamazazpi auzotan egin da: Grosen, Antiguan, Altzan, Añorgan, Bidebietan, Loiolan, Loiolako Erriberetan, Txomin-enean, Martutenen, Amaran, Amara Berrin, Parte Zaharrean, Egian, Aieten, Morlansen, Ibaetan eta Intxaurrondon. Martxoan, maiatzean eta urrian egin genuen, eta, guztira, 296 saio antolatu dira”, zehaztu du Otamendik.
Era berean, Euskara Zerbitzuak udan haurrentzat eta gazteentzat eskaini dituen euskarazko egitasmoetan (euskara ikastaroak, udalekuak, eta beste) 967 haur eta gaztek hartu dute parte.
Euskara, hizkuntza gutxitua
Altunaren arabera, euskaldunak ondo moldatzen diren solaskideak behar ditu euskara erabili ahal izateko. Donostian euskararen kale erabilera %15,3 izanik, eta gainerako hiriburuekin alderatuz ehuneko altuena bada ere, datua baxua da. “Eragiten du euskara hizkuntza gutxitua izateak ere. Baldintza legal, politiko, sozial eta kulturalen arabera, hizkuntza bat edo beste hautatzea errazagoa edo zailagoa da, nolabait. Nik uste dut testuinguru horretan kokatu behar dela Donostiako datu hau”, adierazi du Altunak.
Bagera elkarteak badu egitasmo nagusi bat euskaraz aritzen diren solaskideak elkartu eta ahalduntzeko. “Elkarteak 31 urte ditu, eta Mintzalaguna egitasmoa urtebete beranduago jarri zen martxan Donostian. Hori da modu zuzenenean eta eraginkorrenean euskararen erabileran eragiten duen programa. 5.000 donostiar pasa dira urte hauetan Mintzalaguna programatik. Horrez gain, gazteentzako ere Mintzakuadrilla programa dago martxan, baina zailagoa egiten zaigu gazteengan eragitea”, aitortu du Vazquezek.
Era berean, ahalduntze edo motibazio saioak ere egin izan dituzte, euskararen aldeko motibazioan eta sentsibilizazioan eragiteko. “Euskal hiztunen ahalduntzean zentratu izan gara saio horietan, eta ahalduntzea, estrategia moduan, bada lantzen ari garen zerbait”, adierazi du Vazquezek.
Hala ere, nahiko argi du etorkizunean indarra non jarri behar duen Bagerak: “Agian, gure apustua izan behar da euskara modu naturalean erabiltzen den proiektuak martxan jartzea. Ez hainbeste euskara bultzatzeko direnak, baizik eta euskaraz direnak. Euskarazko eskaintza egotea, euskara erabiliko den gune formal edo informal horiek sortzea, baina ez hainbeste helburu gisa jarrita euskararen erabileran eragitea. Hori modu esplizituan egin behar da, baina iritsi beharko ginateke euskal komunitatea batzen duten guneak edo arnasguneak sortzera”.
Gasteiz jarri du adibide gisa Vazquezek. “Gasteizen egoera beste bat delako, ziurrenik beharra handiagoa delako, euskal komunitatea askoz ere trinkoagoa da. Gune erreferente asko dauzkate, eta hori Donostian, agian, zabalduagoa edo atomizatuagoa dago. Ez dago euskaldunentzako erreferentziazko gune edo mugimendurik. Nik uste dut falta den zerbait dela, eta behar dela”, aitortu du.
Auzoetako argazkia
Soziolinguistika Klusterraren ikerketako neurtzaileek Igeldoko kaleetan entzun dute euskara gehien (%74,9), jarraian Añorgan (%42,2), ondoren Parte Zaharrean (%19,4) eta, laugarren lekuan Antigua legoke (%18). “Gainerako auzoetan, batezbesteko erabileraren azpitik daude, %15 azpitik, alegia”, zehaztu du Altunak. “Parte Zaharrean duela bost urte baino dezente euskara gehiago entzun dugu”, gehitu du.
Eta nabarmentzekoa da, eta aurreko edizioetan ere gertatu izan da, Altzan entzuten dela euskara gutxien (%4,5). Ikerketaren buruaren iritziz, “ikerketa kualitatiboago bat” egin beharko litzateke auzoetan onerako eta txarrerako zerk eragiten duen aztertzeko.
Otamendiren arabera, horrela dago Donostiako mapa: mendebaldea euskaldunagoa da, eta ekialdera goazen neurrian, erdaldunagoa. “Baina hori badakigu auzoen errealitatearen araberakoa dela, kanpotik hartu duten jendearen araberakoa ere bai, eta zertzelada asko daude hor”, adierazi du.
Euskara Zerbitzuak ez du bereziki auzoetara egokitutako planik, baina programak auzoetan ikusten dituzten beharren arabera bideratzen dituztela nabarmendu du Otamendik: “Aspaldi erabaki genuen oso interesgarria zela auzoetaraino jaistea, eta auzo guztietan euskara batzordeak sortzea. Batzorde horiek ere ikusten dute zein diren auzoetako beharrak, eta auzo bakoitzeko errealitatea zein den. Horren arabera ere egiten dira zenbait programa”.
Horrekin lotuta, nabarmendu du Ekialde Barrutian saiatzen direla “programazio berezitu batzuk” egiten, euskararen erabilera eta ezagutza “kaskarragoa” den alderdi horiek hobetzeko. Era berean, nabarmendu du Hirigintza Plan Orokor berria egiten dutenean ere eragin linguistikoa neurtuko dutela auzoetan, eta datuak kontuan izan beharko dituztela aurreikusten dutela.
Euskararen Eguna Donostian
Euskararen Egunarekin lotuta, auzoetako euskara batzordeek 100dik gora ekitaldi antolatu dituzte. Ez biharko bakarrik, Euskaraldian gaudela aprobetxatuz, aurreko egunetan ere ari baitira askotariko jarduerak egiten. Donostiaeuskaraz.eus webgunean ikus daitezke ekitaldi guztiak, auzozka sailkatuta. Auzoetan egiten den lana ezinbestekoa da horrelako egunak antolatzeko, eta horrekin lotuta, horien jarduna goraipatu nahi izan du Bagerak: “Aitortza bat euskara batzordeei, funtsezkoa baita Donostian egiten duten lana”.