Herritarren Harrera Sareak jaso du Donostiako Gizarte Kontseiluaren I. Saria
Epaimahaiaren ustez, gazte migratzaileei laguntzeko sareak egiten duen lana "funtsezkoa" da.
Donostiako Gizarte Kontseiluak urteko hirugarren eta azken osoko bilkura egin zuen atzo. Urteko jardunaren balorazioa egiteaz eta ekitaldia ixteaz gain, 2022ko hiritarren egitasmo onenaren Gizarte Kontseiluaren I. Sariak banatu zituzten. Herritarren Harrera Sarea izan da irabazlea, Gipuzkoako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialak bultzatutako egitasmoa. Epaimahaiaren ustez, gazte migratzaileei laguntzeko sareak egiten duen lana “funtsezkoa” da.
Garazi Montuschi eta Itxaso Agirre sareko kideek jaso zuten diploma, eta sarean lan egiteak duen garrantzia nabarmendu zuten: “Gure sarea boluntarioz osatuta dago, elkarrekin lan egiten ikasi dugun boluntario taldea gara, eta funtsezkoa iruditzen zaigu instituzioek ere horrela lan egiten ikastea”. Gainera, hirira datozen gazte gehienek “herritarron berotasuna” behar dutela gogoratu zuten.
Bigarren finalista Helduen Hitza elkartearen Museoetako +55 Kultur Giden Boluntariotza Programa izan da. Egitasmoaren inguruan, adinekoak aktibo mantentzeko eta gizartearen zati garrantzitsua izaten jarraitzen dutela sinestarazteko egiten duten lana nabarmendu du epaimahaiak; izan ere, beren ezagutza eta esperientzia besteekin partekatzen jarraitu dezaketela ikusarazten die, baita kulturaren eta artearen esparruan ere. Juan Mari Perez Cañizal proiektuaren koordinatzaileak jaso zuen diploma, eta egitasmoan parte hartzen duten kideak izan zituen gogoan: “Guretzat plazera da bisita-gidatua gurekin egiten dutenei Donostiaren historia azaltzea”.
Azken finalista Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak garatutakoa Ukrainako gerrako errefuxiatuak ostalaritza sektorean laneratzeko plana izan da. Epaimahaiak nabarmendu duenez, larrialdi egoera bati erantzun azkarra emateko gai izan dira, eta gerratik ihesi zetozen herritarrei aukera bat eskaini diete. Kino Martinez elkarteko idazkari nagusiak jaso zuen diploma, eta gogoratu zuen, “oso azkarrak” izan zirela momentu hartan, “aste gutxian Ukrainatik etorritako zortzi lagun formakuntza jasotzen ari zirelako hiriko ostalaritza sektorean lanean hasteko. Baina aldi berean, nahiago genuke horrelako proiekturik martxan jartzeko beharrik izan ez bagenu”.
Herritarren egitasmoak balioesteko
Gizarte Kontseiluaren Sarien helburua inguruan ditugun norbanakoen bizitzak hobetzeko asmoa duten herritarren egitasmoak ezagutaraztea eta balioestea da. Deialdira proposamenak aurkezteko epea udaberrian zabaldu zen, eta sariaren bidez, kolektibo ezberdinei babesa ematen dieten proiektuen lana saritu nahi du, herritarren arteko sareak ehuntzen dituztelako eta Donostia hiri lagunkoi eta integratzaileagoa bihurtzen dutelako. Lehen deialdira zortzi egitasmo aurkeztu dira, hiriarentzako lehentasunezkoak diren bost arlo hauetan garatutakoak: Adinekoak, Belaunaldi-aldaketa, Immigrazioa eta donostiar berriak, Klima-aldaketa eta Auzoak.