Urumea euskaltegian aurkeztu du fantasiazko estreinako eleberria
Urtzi Leonet errenteriarra Donostiako Urumea euskaltegiko irakaslea da. Idazlea ere bada, eta berriki Itzalen Dama eta Patxi Bakallu: Herri Margotua fantasiazko eleberria argitaratu du. Haren lehendabiziko da, eta euskaltegian bertan aurkeztu zuen azaroaren 30ean.
Oarsobidasoako Hitzari eskainitako elkarrizketa batean adierazi du euskal mitologia beste munduko kultura eta mitologiekin lotzea izan del liburuaren helburua: “Fantasia eta abentura lotu ditut, fantasiazko mundu batean kokatu dut istorioa. Saga bat bezala planteatu dut. Liburu bakoitza kultura edo mitologia ezberdin batekin lotuko dut, hori da asmoa. Patxi Bakallu nire etxean asko aipatzen zen, Perico el de los palotes bezala, amak maiz esaten zigun: ‘Patxi Bakallu ematen dek!’. Orduan, pertsonaia horri istorio bat sortu nion, eta itsas gizon horren abenturak jaso ditut”.
Leoneten iritziz, euskaraz fantasiazko oso liburu gutxi daude: “Hemen idazten ziren liburuek kutsu historikoagoa zuten, ez ziren hain fantasiazkoak. Hutsune bat zegoela uste dut. DBHko adin horretan horrelako oso gutxi dituzte euskaraz irakurtzeko. Gainera, orain ikusita fantasia eta zientzia fikzioa izaten ari den boom-a, nolabait dragoi horren gainean jarri eta euskarari bultzadatxoa ematea izan da nire asmoa”.
Bergarako Idazle Eskolan abiatu zuen proiektua Leonetek. Izan ere, aspalditik zuen buruan euskarazko literatura fantastikoa jorratzea; “ordura arte nahiko hanka-motz zegoen generoa”. Azkenean, Elkar argitaletxeari esker plazaratu du.