Agustin Agirre izendatuko dute Donostialdeako ESIko jarduneko zuzendari kudeatzaile
Osakidetzak Itziar Perez Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua kargugabetu ostean, Agustin Agirre izendatu du behin-behinean zuzendari kudeatzailea izateko, EITB Mediak jakinarazi duenez. Izan ere, kargugabetzeen eta dimisioen ostean, pertsona bakarra geratu da Donostialdeko ESIren zuzendaritzan.
Orain arte Bidasoaldeko burua izan denak e-mail bat bidali die bertako langileei Donostialdeko ESIko jarduneko gerentea izatea onartu duela baieztatzeko. Berriak jakinarazi duenez, Agirre Basurtuko ESIko zuzendari medikua izan zen aurretik, eta Bidasokora lekualdatu aurretik, Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikua izan zen. Erietxe horretan aritu ziren lanean 2018ko udaberriko lan eskaintza publikoan egondako iruzurrak salatu zuten hiru anestesiologoak, eta Agirre bertako arduradun zela, auzia salatu ondoren Agirrerengandik jasandako tratua salatu zuen Roberto Sanchez anestesiologoak aurtengo maiatzean, Eldiario.es atarian argitaratutako artikulu batean. Lan eskaintza publikoko iruzurraren ondorioz dimisioa eman zuen Debagoieneko ESIko Maria Jesus Mujikak, eta hura ordezkatu zuen Agirrek.
Bidasoko ESIan hilabeteak zeramatzan Agirrek. Haren aurretik, Jose Manuel Ladron de Guevara zegoen arduradun, baina hark maiatzean dimititu zuen, ebakuntza geletako obren proiektuak sortutako eztabaidaren testuinguruan.