"Aldaketen helburua erakundea eta zerbitzua hobetzea da"
Donostialdeko ESIko kargugabetzeek eta dimisioek zalaparta sortu dute. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak hiru egun behar izan ditu azalpenak emateko.
Azken egunotan Donostiako Ospitalean gertatu dena azaltzeko agerraldia egin du Sagarduik. Kargugabetzeen atzean “hainbat gertakari” daudela adierazi du, nahiz eta ez duen argitu zeintzuk diren. “Aldaketen helburua erakundea eta zerbitzua hobetzea” dela nabarmendu du.
“Osakidetzan erakunde guztiek rol jakin bat dute, eta horiek osatzen dituzten pertsonek ere bai. Proiektuak partekatua izan behar du: Sare bat gara. Eta Donostialdeko ESIren kasuan, une batean, motibo batengatik edo beste batengatik, batzuek ez dute ikuspegi hori partekatzen. Horrek, gertaeren kate baten ondorioz, gomendagarri egin du pertsona aldaketa bat: ikuspegiak partekatzeko zailtasunak zituztelako”, azaldu du Osasun sailburuak.
Bestalde, gaineratu du Agustin Agirrek eta Ana Bustinduik hartu dituztela zuzendari kudeatzailearen eta zuzendari medikuaren karguak, eta Agirrek lehen bilera izan duela jada Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin eta Donostialdeko ESIko zuzendariorde eta zerbitzuburuekin.