Bost kontzertu antolatu dituzte Gure Ahotsak egitasmoaren barruan
Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak ariko dira Viktoria Eugenia antzokian.
Datorren urtean, bosgarrenez egingo dute Gure Ahotsak egitasmoa. Aldaketa esanguratsu bat izango du; bost egunekoa izango da. Hain zuzen ere, martxoaren 3tik 7ra emakumezko musikarien bost kontzertu antolatu dituzte Viktoria Eugenia antzokian.
Martxoaren 3an Natalia Lacunza ariko da, martxoaren 4an Olatz Salvador, martxoaren 5ean La Bien Querida, martxoaren 6an Maite Larburu Trio eta martxoaren 7an Neomak. Kontzertuen sarrerak bihar jarriko dira salgai Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Egitasmoaren kartela Paula Estevez ilustratzailea eta musikari donostiarrak egin du. Egitasmoan parte hartzen duten emakume musikarien eta haiek jotzen dituzten instrumentuen aniztasuna irudikatzen du.
Indarberrituta
Donostia Kultura Gure Ahotsak egitasmoa indarberritzea erabaki du. 2019an sortu zuten Euskal Herriko emakumezko musikariek duten maila artistikoa nabarmentzeko. Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den egitasmoak. Egun bakarreko kontzertu gisa sortu bazuten ere, datorren urtean aldatu egingo dute.
2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izaro musikariek parte hartu zuten; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan; 2021ean Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartu osasun arrazoiengatik), eta aurten Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak aritu dira.