Donostia Gabonetako ezinbesteko helmuga izateko kanpaina abiatu du udalak
Donostiako Udaleko Turismo sailak Sentitu magia kanpaina aurkeztu du. Donostia Gabonetako ezinbesteko helmuga gisa posizionatzea da bere helburua. “2022ko Europako Gabonetako Hiri aukeratua izan da Donostia aurten. Hala, sustapen kanpaina baten bidez, abendu osoan zehar hurbilen ditugun merkatuetako bisitariak erakarri nahi dira, egun horietan hiriak eskaintzen dituen gauza guztiez gozatzera gonbidatuz”, azaldu du Cristina Lage Turismo zinegotziak.
“Azken urteotan Donostia Gabonetako helmuga gisa posizionatzen ari da, zubi bat, opor egun batzuk edo bisita bat igarotzeko, eta bide batez, erosketak egiteko eta Gabonetako argiztapenaz gozatzeko. Egia esan, helmuga egokia gara egun hauetan, eta Gabonak aitzakia egokia izatea nahi dugu bisitari potentzial asko erakartzeko”, gaineratu du Lagek.
2022-2023ko Gabonetako agenda argitaratu dute, eta bertan jaso dituzte Gabonetan hirian egingo diren jarduera nagusiak: argiztapena, merkatuak, data garrantzitsuak… Agenda turismo bulegoan eskuratu ahal izango da, lau hizkuntzatan, eta, halaber, webgunean deskargatu ahal izango da eta elkartekide diren hotel eta saltokietan banatuko da.