Etorkizuneko pentsiodunen pentsioak murriztu nahi dituztela salatu dute
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Gipuzkoako ordezkariek elkarretaratzea eta agerraldia egin dute Alderdi Ederren. Azken egunotan pentsiodunei eragiten dieten bi gairen inguruko iritzia eta kezka plazaratu dituzte.
Aurki pentsioak erreformatzeko lege dekretuaren proiektua aurkeztuko dio Espainiako Gobernuari Jose Luis Escriva Gizarteratze eta Migrazio Ministroak. 2023ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko litzateke. “Lege dekretu horrek pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko kotizatutako urteen aldia luzatzea aurreikusten du, 25 urtetik 30era pasatuko litzatekeena, eta interesdunak 30 urte horietatik bi baztertzea erabaki dezake”, azaldu dute.
Proiektua bere osotasunean ezagutzean balorazio osatuago bat egingo duela gaineratu dute. Horrela ere, argi dute “inolako justifikaziorik ez duen” eta “etorkizuneko pentsiodunen pentsioak murriztu nahi dituen” neurri bati uko egingo diotela. “2011tik 15 urtetik 30 urtera pasatu da, eta azken helbururako atea zabalik utzi da, lan bizitza osora zabaltzeko. 2011ko erreformaren aurreko egoerara itzultzea eskatzen dugu, 15 urteko kalkulu aldira, hain zuzen ere. Azterlan batzuen arabera, Espainiako Bankuarena barne, kalkulu-aldia handitzen duen urte bakoitzak pentsioan % 1eko beherapena eragiten du”.
Horrekin batera, lege dekretuak gehieneko kotizazio oinarria eta pentsioa handitzea aurreikusten du. Hori bera da pentsiodunen mugimenduak eskatzen duena. “Horrela ere, uste dugu proposamena oso urrun geratzen dela bakoitzak jasotzen duenaren arabera ekarpenak egiteko irizpidetik”, adierazi dute.
KPIak gora
Azaroaren 29an hilabete horretako KPI orokorrak gora egin zuen %6,8ra iritsita. “Hurrengo egunetan hori baieztatu ezean, 2022an pentsiodunok erosteko ahalmenaren % 4,3 galduko dugu berriro, eta 2021ean galdutako %3 eta aurreko urteetako %4,2 metatu behar dizkiogu. Galera hori ez dugu berreskuratuko, konpentsazio ordainsaria kendu egin baita. Konpentsazio ordainsaria eskatzen dugu berehala”, nabarmendu dute.
2023rako aurreikusitako % 8,46ko igoera, 2021eko abenduan onartutako lege baten arabera mantendu dela esan dute: “Neurri handi batean, pentsiodunen mugimenduak astelehenetan egindako mobilizazioei eutsi zaielako, eta hori nahikoa arrazoi da gu zoriontzeko eta kalean jarraitzera animatzeko”.