Osakidetzako dimisioak gobernantza eredua "hondatzearen" ondorio direla adierazi du LABek
LABen arabera, Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere agerian utzi du “bere ezgaitasuna”. “Ez gaude ados Osakidetzako goi-karguen kanporatzeen osteko balorazioaren atzean ezkutatzen den klasismoarekin. Gogaitasuna zuzendaritza taldeengana iristen ari da, baina ez da zerbait berria, guztiz kontrakoa baizik”, adierazi du sindikatuak. Bere iritziz, aspalditik, “autoritarismoak” Osakidetzako “gobernantza eredu guztiak” ordezkatzen ditu, zuzendaritzei “handi datozkien karguetan betikotzeko ahaleginean”.
LABek nabarmendu duenez, milaka profesionalek duela hilabeteak dimitituko izango lukete, “ahal izan balute”. Donostialdeako zuzendaritzan gertatzen ari den egoera euskal osasungintza publikoko langile oinarrian orokortzen ari den “gogaitasunaren isla” dela salatu du.
Zuzendaritza “minimoki profesionala” izango balitz, gatazka batzuk konponduta egongo liratekeela azaldu du LABek. “Osakidetzako zuzendaritzak minimoki profesionalak izango balira, duela hilabete batzuk dimitituko zuketen. Baina betiko estrategia berari jarraitzea erabaki dute, akatsak estaltzea euren karguen obedientziatik tira eginez, eta plantilla gutxietsiz. Gobernantza ereduaren usteltzea hain da jasanezina eta osasunaren aurkako erasoak hain dira larriak, ezen kargu uzteak beharrezkoak baitira, eta Urkulluk sinatu behar ditu”, adierazi du.
LABen iritziz, egungo zuzendaritza da dimisioa aurkeztu edo kargua utzi behar duena, eta sailburuari “gogoeta sakon” bat egiteko eskatu dio.