Osakidetzako zuzendaritza orokorreko buruak kargugabetzeko eskatu dute Donostiako ESIko hainbat zerbitzuburuk
Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzako “zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargugabetzeko” eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari gutun baten bidez, eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko. Osakidetzaren “politika suizida” salatzea izan da gutunaren helburua.
Donostia Ospitaleko gestio krisia salatu dute, eta “zentzugabeko erabaki eta zigorrekin” egoerak goia jo duela nabarmendu dute. Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetu izana “azken tanta” izan dela adierazi dute. Azaldu dutenez, zerbitzu publikoaren barneko ataletako zuzendaritzetako kideen ahalmena murrizten ari dira Osakidetzako buruak, eta, horren ordez, zuzendaritza zentrala “indartzen” ari da, horietako kideak “irizpide politikoen arabera” aukeratuz, eta ez “trebetasun eta merituen” arabera.
Joan den ostiralean Donostialdeko ESIko zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga kargutik kendu zituen Osakidetzak. Atzo, Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak, dimisioa eman zuen. Eta gaur Euskadi Irratiaren bidez jakinarazi dutenez, ospitale bereko Maite Martinez mediku zuzendariordeak ere dimisioa aurkeztuko du bihar.