Ategorrietako Zelaienea eraikina eraitsiko dutela salatu du Ancorak
Ehun urtetik gora dituen Ategorrietako Zelaienea eraikina eraitsiko dutela salatu du Ancorak. Azaldu duenez, Donostiako Udalak lursail horretan hiru etxe atxiki eraikitzeko lizentzia eman du.
Ancoraren arabera, Zelaienea etxearen jatorria izen bereko baserrian dago, Pasaiako Galtzada zaharraren ertzean. Historian zehar, Saenz Izquierdo familiaren leinukoa izan zen, landa-finka ugariren eta Alde Zaharreko Aliri jauregiaren jabea. XIX. mendearen azken laurdenean, Ulia inguruak balio handia izan zuen udaldiaren ondorioz, eta nekazaritza ustiategiak “landetxe dotore” bihurtu ziren. Garai hartan, Juan Saenz Izquierdo Ingeniarien Teniente Koronela zen, Afrikako Gerran eta Kubako uhartean egindako zerbitzuengatik kondekoratua. Gotorleku lanak zuzendu zituen azken karlistaldian, eta erretiroa lortu ondoren, Jose Goikoari agindu zion Zelaienea berritzeko, bere lurretan “etxe moderno bat” eraikiz.
Zelaieneak 1.293 metro koadroko lurzatia du, eta baserri zaharraren sarrerako arkua aprobetxatu zuen. Arkua harrizko dobela lodiz osatuta zegoen, eta jabetzaren perimetro-itxituran sartu zuen. Etxea terraza garai baten gainean dago, erdi-puntuko bost arkuk eusten diote, eta L formako oinplanoa du. Fatxada nagusia hego-mendebaldera begira dago, eta aurrean lorategi bat du. Erdi Aroko ereduetan inspiratzen den estilo eklektikoko arkitektura da: ojiba-leihoak, horma piko mailakatua eta atzeko fatxadako dorre almenatua dira ezaugarriak. Teilatu lauz estalita dago eta aldapa handia du. Kapera erromantiko baten itxura ematen dion pinoiaren gainean, harrizko gurutze batek errematatzen du.
Zelaienea Ancorak 2017an egin zuen etxeen Inbentarioan sartu zuten, eta “ezinbesteko babes-elementu” gisa sailkatu zuten. “2018ko abenduan, eraisteko kautelazko etendura erabaki zuen udalak, banaka aztertzea merezi zuten balioak zituela iritzita. Balorazio hori ez zen inoiz egin, eta katalogotik kanpo utzi zen, itxurazko justifikaziorik gabe. Administrazio erabakia arrazoitu ez izana izan da Ancorak HEOBPBren berrikuspena errekurritzeko erabili duen argudioetako bat. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ez du oraindik epairik eman, baina Hirigintza Sailak dagoeneko eman du eraispena, abuztuaren 2an emandako lizentziaren bidez. Herritarren elkarteak uste du udalaren jarduera ausartegia dela, eta eraispena sinatu duen zinegotziarentzat erantzukizuna eragin dezakeela”, adierazi du Ancorak.
Ategorrieta etorbideko 57. zenbakian proposatutako antolamendu berriak “hautsi” egiten ditu inguruko nortasun arkitektonikoa eta paisaiaren oreka, Ancoraren arabera, “espazio berdearen eta eraikitako bolumenaren arteko erlazioa” aldatzen baitu. Proiektuaren ondorioz, lorategia desagertu eta partzela osoa hormigoiztatuko dela salatu dute, “familia bakarreko hiru etxebizitza atxiki lortzeko, bakoitza bere igerileku eta garajearekin”.
Adierazi dute Eneko Goia buru duen udal gobernuak 25 etxe historiko baino gehiago eraitsi dituela bere bi agintaldietan, “Jose de Goikoak proiektatutako beste landetxe bat barne: Villa Stella Maris desagertua, 2018an Aldi kateko supermerkatu batek ordezkatu zuena”.