Baserriari eta baratzeari lotutako hitzen galera saihesteko hiztegi parte hartzaile bat sortu dute
Hitzontzi izena du. Nekazal Kultura Eskolara egitasmoaren baitan sortu du Cristina Enea Fundazioak, eta Euskaraldiaren testuinguruan aurkeztu du, «baratzearen erabilerari zuku gehiago ateratzeko, eta hari lotutako ezaguerak sustatzeko helburuarekin».
Izan ere, azken urteetan, bizimodu urbanoaren eraginez, baserriari, nekazaritzari eta abeltzantzari lotutako ezaguerak gutxitu egin dira belaunaldi gazteenen artean. “Biztanleriaren gehiengoa biltzen duten hirietan bizi diren gazteek gero eta atxikimendu gutxiago dute eremu eta bizimodu horiekiko, eta jakintza horren galera saihesteko helburuarekin sortu da Hitzontzi”.
Bi erronkari heldu nahi izan diote egitasmo honen bidez, arduradun Oihana Orkolagaren esanetan. «Batetik, baserriari eta baratzeari lotutako ezaguera horien galera eta desagerpena saihestea; eta, bestetik, gaur egungo gazteek gai horien inguruan duten jakintza partekatzea». Orkolagaren ustez, baserri munduak «eragin handia izan du gure bizimoduan, eta horren isla gure hizkuntzan erraz aurki dezakegu, hainbat hitzen jatorri edo erroari erreparatuz, eta, era berean, egunerokotasunean erabiltzen dugu, jaten ditugun barazkiak izendatzeko, esate baterako». Egunerokotasun horrek tokian tokiko berezitasunak sortzen dituenez, aberastasun handiarekin, «bitxikeria horiek aitzakia bezala hartu eta baratzearen inguruko ezagutza lantzeko modu original eta dibertigarria» izan zitekeela iruditu zitzaien arduradunei.
Horiek horrela, eta Nekazal Kultura Eskoletara egitasmoaren baitan sortu bada ere, Hitzontzi hiztegi partehartzailean edozein ikastetxek har dezake parte, edozein mailatako ikasleek, eta sinonimo hiztegi parte hartzaile bat osatzea izango da ekinbidearen erronka. Hala ere, hori aitzakia bat baino ez da; helburua lortzeko «ikasleek egin beharko duten ikerketa prozesuan elkarlana, belaunaldien arteko harremanak eta leku desberdinetako ikastetxeen arteko elkartrukea bultzatuko da eta», gaineratu du Orkolagak.
Partehartzeari dagokionez, egitasmoko arduradunak azaldu du dena online egingo dela, Nekazal Kultura Eskoletara proiektuaren webguneko Hiztegia atalean baitago zintzilikatuta informazio eta dokumentazio guztia. «Bertan aurki daitezke bai hitzak bilatzeko ariketak proposatzen dituzten fitxak, bai eta lortutako hitz horiek guri helarazteko inprimakiak ere». Hiztegia bera ere, dokumentua, bertan dago ikusgai, eta erantzunak jaso heinean eguneratzen joango da.