Topoak 110 urte bete ditu
1912ko abenduaren 5ean inauguratu zen Donostia eta Hendaia arteko bide estuko trenbide sarea. Donostia eta Irun arteko ibilbidea aurrenekoz egin zuenetik 110 urte dira, eta geroztik, makina bat aldaketa izan du.
Topoa izenarekin ezagunagoa, gurutzatu behar zituen tunel kopuru handiarengatik. Inagurazio egunean goizeko hamaiketan iritsi zen trena Gipuzkoa plazara, eta han inguruan zebilen jendearen ikusmina piztu zuen. Aldundiko eta udaletxeko ordezkari batzuk igo ziren tren hartara, baita garaiko kazetariak eta partikular batzuk ere. Trena Peñaflorida kaletik irteten zen, eta ondoren, Garibai, Hondarribia eta Prim kaleetatik igarotzen zen. Itzultzerakoan, Prim, Bilbo plaza, Getaria kalea eta Txurruka kaletik pasatzen zen Gipuzkoa plazara iritsi arte. Izan ere, 1954. urtera arte, Topoaren estazioa ez zegoen Amaran, Gipuzkoa plazan baizik. Topoa hiriaren erdi-erditik ibiltzen zen, tranbia baten moduan.
Gipuzkoako Hitzak Topoaren 100. urtemugari buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen. Ehun urteko historia hori liburu batean jaso zuen Juanjo Olaizola aditu eta historialariak: El ‘Topo’ 1912-2012. Primer centenario de un pequeño ferrocarril internacional. Argitalpenean jaso zuen Topoaren historia. Izan ere, hiru gerrak eta muga batek sor ditzaketen ehunka istorioren eta kontrabandoren lekuko izan da; aurrerapausoak eta atzerapausoak eman ditu; eta, gaur egun, ibilbidea luzatu, eta metro itxura hartzeko bidean da.