Bi bisita gidatu egingo dituzte abenduan Artikutzan
Ibilaldi gidatua Artikutzan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Donostiako Udaleko Ingurumen sailak bi bisita gidatu antolatu ditu abendurako Artikutzan: bat hilaren 11n eta beste bat 18an. Parte hartu ahal izateko, udalaren webgunearen bidez edo 679-61 30 16 telefono zenbakira deituz edo idatziz izena eman behar da.
Hilaren 11ko irteeran, Artikutzako mendi altuenetariko batera igoko dira, Izura. Artikutzaren auzotik aterako dira, eta Pagolletatik igoko dira. Horrela, pagadiak eta errekastoak gurutzatuz Izuko gailurrera helduko dira. Heltzean, bista paregabeak izango dituzte, eta Artiktuzaren naturaz eta historiaz gozatzeko aukera izango dute. Normalean egiten dituzten ibilbideak baino luzeagoa eta aldapatsuagoa izango da.
Bigarren irteerari dagokionez, ibilbide erraza eta aldaparik gabekoa izango da. Artikutza eta Añarbe ibaien ondotik doan bidea hartuko dute, Ugaldeko presara heldu arte. Orain dela 100 urte baino gehiago presa honetatik ateratzen zen ura Donostia asetzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, “oso ibilaldi interesgarria historia eta natura ezagutzeko baina baita ere aproposa bere balio naturala ezagutzeko”. Gaineratu dutenez, ibilbidean Artikutzan babestu diren zenbait espezie ikusi ahalko dituzte.


