Ekialdebuseko hainbat linea ez dira hiriko erdigunera sartuko aurrerantzean
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak erabaki du Ekialdebuseko hainbat lineatan aldaketak egitea, eta astelehenean, hilaren 12an, sartuko dira indarrean, Ekialdebusek bere webgunean jakinarazi duenez. Alde batetik, E04 (Oiartzun-Errenteria-Kaputxinoak-Donostia), E23 (Hondarribia-Irun-Donostia), E24 (Irun-Donostia) eta E28 (Donostiako aireportua-Hondarribia-Irun-Donostia) lineak ez dira erdigunean sartuko. Bestetik, E08 (Pasai San Pedro-Trintxerpe Goia-Donostia) linearen maiztasuna murriztuko dute. Azkenik, E21 (Donostiako aireportua-Hondarribia-Donostia) lineak geraleku bat gehiago izango du.
Erdigunera sartuko ez diren lineei dagokienez, Zubieta plazako, Urbieta kaleko 50. zenbakiko eta Antso Jakitunaren hiribideko 26. zenbakiko geralekuak kendu ditu aldundiak lau lineetan. Era berean, E04 lineako Bartzelona hiribideko geralekua kendu du, eta E23, E24 eta E28 lineetako Loiolako Erribera 14-12 geralekua ere bai.
Horrela, orain arte egin duten moduan, lau linea horiek Ibaetatik sartuko dira Donostiara eta Antigua zeharkatuko dute, baina ez dira Antiguako tuneletik harago joango. Hain justu, Zumalakarregi hiribidea zeharkatu ondoren, tunelera iritsi aurretik emango dute buelta, eta Zumalakarregi hiribidetik bertatik itzuliko dira autobiderantz.
Gainera, gaur egun ez bezala, Antiguatik edo Bentaberritik Irunera, Hondarribiara, Errenteriara edo Oiartzunera joan nahi duten erabiltzaileek ezin izango dute autobusa hartu jaisteko erabiltzen diren geltokietan. Izan ere, kalearen beste aldean egongo diren geltokietara joan beharko dira, autobusa irteerako norabidean hartzeko. Zehazki, hauek izango dira jaisteko geralekuak Donostian: Amerika plaza, Tolosa hiribidea (Lorea, geraleku berria), Tolosa hiribidea 75 (EHU), Tolosa hiribidea 13 (Magisteritza) eta Zumalakarregi 9. Igotzeko geralekuak, aldiz, hauek izango dira: Zumalakarregi 4, Tolosa hiribidea (Zubimusu parkea), Tolosa hiribidea (Magisteritza), Tolosa hiribidea 70 (EHU), Tolosa hiribidea 112 eta Tolosa hiribidea 138.
E08 eta E21 lineak
E08 linearen aldaketek maiztasunean dute eragina. Hain zuzen ere, lanegunetan, lehenengo autobusak 07:00etan eta 07:50ean aterako dira San Pedrotik, baina hurrengoetan aldaketak izango dira. Orain arte, autobusak 08:40ean ateratzen ziren Esnabide kaletik, eta, 50 minutuero pasatzen ziren; aurrerantzean, orduero pasatuko dira, puntutan (18:05ekoa izan ezik). Horrela, hemezortzi autobus pasatu ordez, hamasei pasatuko dira egun osoan. Era berean, ostiral lanegunetan, San Pedroko azken autobusa 22:00etan aterako da, 21:50ean atera ordez.
Donostiako Okendo kaletik abiatzen diren lehenengo zerbitzuak ere orain arte bezala mantenduko dituzte, baina 09:05eko irteera 09:25ean izango da, eta gainerako guztiak eta 25ean izango dira, 21:25eraino (lanegunetan autobus bat egongo da 22:25ean ere). Bestalde, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, hamabost konexio egongo dira aurrerantzean, egungo hamazazpiak egon ordez.
E21ari dagokionez, hobetu egingo den linea bakarra da, geraleku bat gehiago izango baitu aurrerantzean, Jaitzubian (Hondarribia). Zehazki, GI-636 errepidean izango da, errepide hori zeharkatzen duen pasadizoaren altueran.
Lineetako aldaketa guztiak zehatz-mehatz kontsultatu nahi izanez gero, Ekialdebusen webgunean dago informazio guztia.