Kargugabetzeak salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostialdeko ESIko 100 langilek baino gehiagok
Azken egunotan Donostialdeko ESIn gertatutako kargugabetzeak eta dimisioak salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostia Ospitaleko 100 langile baino gehiagok gaur goizean. 8:15ean elkartu dira sarrera nagusiaren kanpoaldean, eta, pixkanaka, gero eta langile gehiago joan da elkarretaratzera batzen. Kazetarien ikusmina ere handia izan da, eta hainbat hedabide batu dira ospitalearen kanpoaldean, gertatzen ari denaren jarraipena egiteko.
Langileak argazkirako elkartu direnetik hamar minutu inguru pasa direnean, txalo zaparrada batekin amaitu dute elkarretaratzea. Ondoren, ez dute adierazpenik egin, osasun langile batek azaldu duenez, “argazkiak bere kabuz hitz egiten duelako”.
Gogoratu behar da astelehenean Osakidetzako Donostialdeko ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat helarazi ziotela Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, joan den ostiralean Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetu ostean. Igandean, Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak, dimisioa eman zuen. Astelehenean, berriz, Loreto Marquet, bertako Erizaintza zuzendariordea, izan zen dimisioa eman zuena.
Sagarduik astelehenean adierazi zuenez, “aldaketen helburua erakundea eta zerbitzua hobetzea” da. “Osakidetzan erakunde guztiek rol jakin bat dute, eta horiek osatzen dituzten pertsonek ere bai. Proiektuak partekatua izan behar du: Sare bat gara. Eta Donostialdeko ESIren kasuan, une batean, motibo batengatik edo beste batengatik, batzuek ez dute ikuspegi hori partekatzen. Horrek, gertaeren kate baten ondorioz, gomendagarri egin du pertsona aldaketa bat: ikuspegiak partekatzeko zailtasunak zituztelako”, azaldu zuen Osasun sailburuak.