KoopFabrikak formazioa eskainiko du Donostian
KoopFabrikak abiatu du aurtengo ikasturtea eta datorren astean KoopFabrika zabaltzen saio bat egingo dute Donostian. Abenduaren 14an izango da Egiako Teila Fabrikan: Herri Kooperatibak eta kooperatiba komunitarioak: tokiko garapen eraldatzailerako bideak.
“Lurraldeko beharrizanei eta lurraldeko erronkei lurraldetik erantzungo dieten egitura komunitario eta kooperatiboak behar ditugu. Tokian tokiko eragile komunitarioak, eragile kooperatiboak, zibilak eta publikoak saretuko dituzten eta burujabetza ezberdinak lantzeko baliagarri izango diren dinamikak: elikaduran, energian, kulturan, etxebizitzan, teknologietan, kulturan eta zaintzan”.
Saioaren helburu Herri kooperatibak eta Kooperatiba komunitarioak burujabetza ezberdinen bidean eta jendarteko erronka nagusiei erantzuteko tresna gisa ulertzea izango da. Horretarako, hiru atal izango ditu saioak: Herri kooperatiba eta Kooperatiba komunitarioei sarrera, Marketin komunitarioa: zer da eta nola erabil dezakegu? eta iritzi eta esperientzien elkartrukerako talde dinamika.
Bestetik, urtarrilean abiatuko den Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolarako izen emate epea zabalik du KoopFabrikak. Hamabi saio izango dira eta Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan egingo dituzte.