Martuteneko argazki zaharrek osatzen dute 2023ko Altzako egutegia
25. urtez, Altzako Historia Mintegiak auzoko egutegia osatu du, eta Sarrueta-Martuteneko argazki zaharrekin egin dute 2023ko egutegia. 2012an, Sarroeta Auzo Elkartearekin elkarlanean, historia mintegiak Sarroeta-Martutene txuri beltzez argazki liburua argitaratu zuen, Altzako Tokiko Bilduman jasotako ehun bat argazkirekin, eta uda honetan, irudi horiek ikusgai egon ziren Garberan jarri zuten erakusketan. “Orain, hori guztia egutegien aurkezpenarekin eta Sarroeta-Martutene. Irudi partekatuak. Vivencias del barrio topaketarekin biribildu nahi dugu. Bertan, argazkiak utzi dizkiguten pertsona batzuek parte hartuko dute eta, irudiekin batera, euren bizipen eta pasadizoak ere partekatuko dituzte”, azaldu du historia mintegiak.
Topaketa hori hilaren 16an egingo dute, Martuteneko Etxarriene zentroan, 18:30ean. Egutegia topaketan bertan eskuratu ahalko da, baina joaterik ez dutenek Altzako Historia Mintegiarekin harremanetan jarrita (649-49 66 07 telefonoan edo ahm@altza.net helbidean) edo establezimendu hauetan eskatuta eskuratu dezakete: Erdikoa taberna, Nido taberna, Zumardi taberna, Lizarra Kanpina, Txapel Aundi Elkartea, Sarroeta-Martutene Auzo Elkartea, Garbera, eta Herri Ametsa Ikastola.