Udal aurrekontuetan "inbertsio soziala eta energia trantsizioa" lehenetsi behar direla dio EH Bilduk
EH Bilduk udal aurrekontuei ekarpena egin nahi die, eta elkarrizketarako deia egin die EAJri eta PSE-EEri. “Krisi eta ziurgabetasun garai hauetan, donostiar gehienek jasan ezin duten prezioen igoera horrekin, ezinbestekoa da urrats garrantzitsuak ematea guztion ongizatea bermatzeko politiketan”. Norabide horLau retan aurrera egiteko, EH Bilduk Ongizate hitzarmena proposatu du.
Lau lehentasun jarri ditu koalizioak: etxebizitzaren arazoari irtenbideak ematea, mugikortasun eredu berria, larrialdi klimatikoa eta sustapen ekonomiko orekatua.
Etxebizitza politikan, babestutako etxebizitzak eraikitzeko behar diren inbertsioez gain, Donostiak “lidergo argi bat” izatea proposatu dute “alokairuaren prezioa mugatu behar dela exijitzeko”. Salatu dutenez, “etxebizitzen prezioen etengabeko garestitzeak gero eta donostiar gehiago kanporatu ditu euren auzoetatik, eta joera hau errotik mozteko neurriak hartu behar dira”.
Politika sozialetan, “atzean inor ez uzteko” baliabide gehiago eskatu dituzte, “politika kontinuistak” albo batera utzi behar direla exijituz.
Mugikortasunean, jasangarritasuna lehenetsiko duen eredu berri bat eskatu dute: “2023an Mugi txartelaren deskontua bermatzeko, ezinbestekoa da aurrekontu-proiektuan Donostiako Udalari dagokion zenbatekoa erreserbatzea. Ez da ulertzen zergatik ez duten jada gorde”. EH Bilduk dioenez, Eneko Goiak “arazo ideologiko bat du horrelako deskontuekin, batez ere errenta baxuenei eta emakumeei mesede egiten dietenak”.
Larrialdi Klimatikoaren eremuan, hiria erronka handietarako prestatu behar dela nabarmendu dute, energia berriztagarrien eta energia kontsumoa murriztearen aldeko apustua eskatuz.
Azkenik, hiri garapenaren ereduan, turismoaren “neurriz kanpoko hazkundea” mugatu eta erregulatzeaz gain, ekonomia dibertsifikatzea eskatu dute, “etorkizun handiagoko eta lan-baldintza hobeko sektoreetan. Energia berriztagarriek, zaintza sektoreak, industria jasangarriak, berrikuntzak eta, oro har, herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten sektore ekonomikoek izan behar dute hiriaren apustu berriak”.