Adineko jendeak ere Gabonetako giroaz goza dezan
Bizikletaz Adinik Ez egitasmoko boluntarioei esker, zahar etxeetako egoiliarrek Gabonen bueltan antolatu diren apaingarriak eta jarduerak ikusteko aukera izango dute. Boluntarioek triziklo berezi batzuetan eramaten dute adineko jendea, eta leku zehatz batzuetan gelditzen dira, kaleko giroaz gozatzeko. Bizikletaz Adinik Ez eta Donostiako Sustapenaren akordio baten fruitua dira ibilaldi hauek. Aurten bigarren aldiz egingo dute. Horrela, Gabonetan, eguneko zentroetan, zahar etxeetan eta askotariko fundazioetako pertsonek zerbitzu hau erabili ahal izango dute.
Trizikloak Ramon Labaien plazatik ateratzen dira, ibai ondoko postuetatik igarotzen dira, Erdialdeko kaleetan barrena sartu, eta ondoren, noria, Parte Zaharra eta Kursaala bisitatzen dituzte. Gipuzkoa plazako jaiotzan ere gelditzen dira, gaztainak edo txurroak meriendatzeko. 45 boluntario inguruk eman dute izena paseo hauek bizikletan egin eta adineko jendea eramateko. Bizikleta ibilaldi hauek abenduaren 8tik 29ra egingo dira, goizez eta arratsaldez, gonbidatu dituzten erakundeekin adostu dituzten ordutegietan.
Danimarkan du jatorria
Bizikletaz Adinik Ez edo Cycling Without Age egitasmoa 2012an Kopenhagen sortutako nazioarteko mugimendua da, eta gaur egun 50 herrialdetan ordezkatuta dago. 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan, eta Danimarkan sortu ziren balioak irudikatu zituen: pertsona helduei eskuzabaltasunetik denbora eskaintzea, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz.