Lucas Egibarrek laugarren postu batekin hasi du denboraldia
Lucas Egibar snowboarder donostiarrak laugarren postua lortu du denboraldiko lehen Munduko Kopan, Les Deux Alpes txapelketan. Ia bi urtez izan duen bizkarreko lesio bat gainditzeko zelula amekin tratamendua jaso ondoren, donostiarra pozik agertu da lortutakoarekin: “Nahiko ondo nago. Bizkarraren eta lesioaren kontu guztietatik natorrela kontuan hartuta, nahiko ondo. Minak ia desagertu dira, beraz oso pozik nago”, adierazi dio Basque Teami.
Larunbatean zen egitekoa proba, baina igandera atzeratu behar izan zuten, eguraldiagatik. Egibar kanporaketak gainditzen joan zen, eta finalean podiumeko postuetan ere jarri zen, baina azkenean laugarren bukatu zuen. “Podiumaren atarian geratzeak amorru handia eman zidan, baina oso ondo egin dut lan. Ia entrenatu gabe egon ondoren, berriro lehiatu naiz nire mailarik altuenean. Oso lehiaketa azkarra egiten jakin nuen, eta taula gainean oso ondo nengoen, aintzat hartuta baldintzak ez zirela oso onak, eta azken zatia ez zela ni bezalako goofy-entzat aproposa. Genituen baldintza guztiak ikusita, oso pozik nago laugarren postuagatik eta sailkapenerako lortutako puntuengatik”, esan du Egibarrek.
Donostiarrak Kristalezko Globoa irabazi zuen 2015ean, eta denboraldi hasiera ona ikusita, aurten ere irabazteko aukerak dituela nabarmendu du: “Aurten uste dut denboraldi amaieran tituluarengatik borrokatu dezakedala. Asteburu honetan bezala, lasterketako baldintzak oso mesedegarriak ez izanda, laugarren postu bat eta puntu horiek ateratzea nahiko positiboa izan dela uste dut. Gertatzen dena gertatzen dela, ona da denboraldia ondo hastea; ez da bakarrik laugarren postuagatik, baizik eta lehiatzen aritu nintzen moduagatik”.
Aurten, Egibarrek bi helburu ditu. Alde batetik, Munduko Kopako Kristalezko Globoa irabazi nahi du berriz, eta, bestetik, titulua berretsi nahi du martxoan Bakurianin (Georgia) jokatuko den Munduko txapelketan.