Añorgan energia burujabetza izan nahi dute
Energia da ia edozein herritarren burutik pasatzen den kezka nagusienetako bat, bai prezioen igoerarengatik eta bai baliabideen urritasunarengatik. Horri aurre egiteko, Añorgan energia komunitatea sortzen ari dira: Añargi.
Zer da energia komunitate bat? Herritarrek osatutako entitate bat da, erakundeak eta enpresa txikiak eta ertainak barruan izan ditzakeena, leku jakin batean energia propia sortzeko eta energia hori kontsumitzeko helburuarekin, energia demokratizatzeko. Hainbat herritan sortu dituzte dagoeneko halakoak, eta Añorgan auzoko energia komunitatea sortzeko lanean dabiltza, buru-belarri.
Proiektuko kide Iker Urmenetak azaldu duenez, duela bi urte hasi ziren gaiari bueltak ematen, auzoan burujabetza eskola bat egin zutenean: «Goiener kooperatibakoak etorri ziren euren proiektua azaltzera, energia berriztagarriei buruz hitz egitera, autokontsumoari buruz, energia komunitateei buruz, eta abar. Horren harira, Añorgako burujabetza gida bat atera zen, eta gida horretan proposatzen zen Añorgan komunitate energetikoa sortzea».
Berriki, gaiari heltzea erabaki dute Urmenetak berak eta beste auzokide batzuek: «Ikasturte honen hasieran, bizpahiru lagun bildu ginen gaiari heltzeko, eta bideotxo bat egin eta zabaldu genuen, gure asmoa zein zen azaltzeko. Era berean, batzar batera deitu genituen auzokoak, gaia lantzen hasteko». Batzarra azaroaren 24an egin zuten, eta arrakastatsua izan zela nabarmendu du Urmenetak: «50 bat lagun etorri ziren, eta auzoko hainbat eragile ere gonbidatu genituen: besteak beste, Amassorrain ikastola, auzo elkartea, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Ikastolen Elkartea (Errekalden ditu bulegoak), gazte asanblada eta apaiza bera ere».
Egitasmoa Añorgan izaten ari den harrera ona ikusita, hamar bat lagunek osatutako talde motorra biltzen hasia da dagoeneko, Urmenetak azaldu duenez: «Dagoeneko erabaki dugu komunitatearen izena: Añargi. Fundazio gutun baten zirriborroa egitea ere adostu dugu, bertan azaltzeko gure helburuak. Gero, gutun horren bitartez, komunitatearen estatutuak osatuko genituzke. Egitura juridikoa erabakitzeke daukagu oraindik, baina komunitatea kooperatiba gisa eratzea ikusten dugu hoberen».
Era berean, Añargikoak adierazi du hainbat eredu aztertu dituztela: «Hernaniko Enherkom komunitatekoekin hitz egin genuen hasieran. Beraiek komunitatea eratuta daukate dagoeneko, eta energia plakak ere jarrita dituzte, futbol zelaiaren teilatuan. Usurbilgo energia komunitatekoekin ere hitz egin genuen, eta hasieran zabaldu genuen bideoan euren esperientzia azaltzen da».
Helburu orokorrak eta epe motzekoak
Hiru helburu nagusi ditu proiektuak, Urmenetak nabarmendu duenez: «Alde batetik, energia kontsumoa murriztea, ikusten dugulako bai edo bai murriztu behar dugula, munduak ez duelako gehiagorako ematen, eta gure kontsumo mailak gainezka egin duelako. Bestetik, Añorgan bertan energia berriztagarriak sortzea eta kontsumitzea. Azkenik, Añorgan pobrezia energetikoa pairatzen dutenen beharrei erantzun bat eman ahal izatea, eta komunitateak asetzea egoera zaurgarrian dauden horien behar energetikoak».
Horiek dira helburu orokorrak, baina ikasturte honetarako helburu txikiagoak ere badituzte: «Komunitatea juridikoki eratzea, bazkidetze kanpaina bat abiatzea eta proiektu bat abiaraztea, txikia bada ere, jendeak ikusteko proiektuak praktikotasuna daukala. Horretarako, epe motzera egingarriena ikusten dugu Ikastolen Elkartearen eraikinean eguzki plaka batzuk jartzea, elkarteak berak energia hori kontsumitzeko, baina baita Añorgako herritarrek ere. Izan ere, elkarteak interesa adierazi zuen lehenengo batzarrean».
Hala ere, beste hainbat proiektu ere badituzte mahai gainean: «Frontoia, eliza eta eremu horretako eraikinak Cementos Rezolarenak dira, eta asmoa daukagu enpresarekin hitz egiteko, eraikin horietan ere plakak jartzeko. Bestalde, udalaren bidea ere jorratuko dugu: ikastolaren eraikina eta Añorga Txikiko frontoia udalarenak dira, eta bi eraikin horietan ere plakak jarri daitezkeela uste dugu». Eguzki plaketatik harago, beste bide batzuk jorratu ditzaketela gaineratu du Urmenetak: «Momentuz, eguzki plakak jartzea aurreikusten dugu, baina etorkizunean bestelako proiektuak garatu ditzakegu, energia termikoa sortzea, adibidez».
Eguzki plaken finantziazioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuentzako hainbat diru laguntza dituela azaldu du Urmenetak, baina nabarmendu du bazkideen ekarpena izango dela garrantzitsuena: «Egongo balitz enpresa txikiren bat inbertitzeko asmoarekin, asko jota %10eko erabakitze ahalmena izango luke. Izan ere, energiaren demokratizazioan sakontzea ere bada gure helburuetako bat».