Belartzako harriak, leku berean
Badirudi batzuentzat denak balio duela. Gezurra badirudi ere, Donostiako Udal Gobernuari berari justiziak zer esaten duen bost axola zaio, beste arlo batzuetan zuzenbidearekin hain zorrotz izanik. 42 hilabete pasa dira epaia atera zenetik, baina betelan ilegala oraindik Belartzan dago.
Bihar, abenduaren 10ean, hiru urte eta erdi beteko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarritako auzi helegitearen ondorioz, Donostiako Udalak Belartza «harrobiko» materialak Belartza Goikoan isurtzeko eman zuen baimena legez kontrakoa zela ebatzi zuenetik. Hau da, honezkero, Donostiako Udalak 42 hilabete daramatza epaiari eta justiziari muzin egiten. Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak hainbatetan esan zuen epaia betetzeko lanean ari zirela eta duela 18 hilabete inguru harriak ateratzeko proiektua lantzen ari zirela, baina handik ez da txintxarririk mugitu. Are gehiago, hainbatetan ezezagunek hondakin ezberdinen isurketa ilegalak burutu dituzte urte hauetan.
Udal gobernuak iseka egiten dio epaitegiari eta aldi berean herritarroi, harri horiek denon ondarearen aurka ilegalki isuri zirelako Europako Intereseko Habitat bat suntsituz eta hiriko planeamenduak berak azpimarratzen dituen zuhaitzak kaltetuz. 2016an, udalak interes ekonomiko pribatuak interes orokorraren eta legearen gainetik jarri zituen eta donostiar guztiak engainatu nahi izan gintuen «industriagunea» sortuz Belartza behekoan, sarreran, Mercadona eta Mc Donald’s «industriak» han ezarri zirelarik, eta harriak Belartza Goikora legez kontra botaz.
Añorgakoak, kokoteraino
Tolosa hiribideko jarraierari Añorgarantz Infernua esan ohi zaio, baina benetako infernua da Añorgakoek jasan zutena urteetan N-1eko trafiko itzelaren eta Rezola zementu fabrikaren jarduera biziaren ondorioz. Industrialdea erantsi zioten Belartzan (I), kasualitatez edo, hura ere komertzial bilakatu zena, horra hor kirol denda ezaguna, aparkalekuak, eta abar. Iruzurra sarreran, iruzurra barruan Belartza batean eta hirugarren ziria sartu nahi izan digute Goikoan.
Añorgako gaina Donostiako landa eremu azpimarragarria zen. Gerriko sare berdearen parte izanik, ekologia mailako balio altuko inguruak gordetzen ditu. Odon Elorzaren gobernuak etxebizitzaren arazo larria egonda, falta dela, prezioak direla, Atotxarrekan luxuzko etxeak egiteko proiektua onartu zuen: 300dik gora, hango landazabala biologikoki aberatsa txikituz. Krisialdi ekonomikoak, ordea, ekarri zuen asmoaren porrota, eta geroko hirigintza mailako kaosa. Urte mordoa pasa diren arren ez da partxeoa amaitu eraiki gabeko orubeak oraindik libre egonik. Dirua, behar bada, bakar batzuek irabaziko zuten; denok ordaindu dugu, ordea, biodibertsitatearen galera eta denon artean ordaindu beharko ditugu hango bizilagunek aldarrikatzen dituzten zerbitzuak eta itxura guztiz emango zaizkienak.
Añorga gainako beste muturrean hirugarren merkataritza-gune kamuflatu bat jarri nahi izan digute hango landazabala eta basoak suntsituz. Plan Orokorrak berak hango zuhaitz eta basoak babesten ditu, Europak babesten dituen habitatak eta babestutako espezieak bizi dira, baina temati darraite bakar batzuen mesedetan. Aitzitik, justiziak arrazoia eman zigun eta epaiak betetzeko daudela uste dugu. Haritzalden, behintzat, naturaren alde eta denon ondarearen alde ari gara eta herritar askoren babesa sentitzen dugu. Hortaz, jo eta su ibiliko gara hura bete eta kaltetutako zonaldea berreskuratu arte.
Azaldutako guztiagatik, Añorgakoak zeharo nekatuta daude, bulebarizazioa amaitu gabe, zerbitzu eskasak edukita eta aipatu bezalako sustapen bereziak janda. Hitz onez eta bete gabeko promesaz asperturik daude.
Epaia bete behar du
Nola poztuko gintuzke Eneko Goiaren gobernuak gerriko-sare berde-urdina bultzatzea eta zementuzko proiektuetatik harago begiratuko balu, klima larrialdia eta krisialdi ekologikoa aintzat hartuta. Bitxia da inguru hartako balio naturalen aldeko inolako interesik agertu ez, eta esaterako haitzuloa babesteko ahaleginik egin ez izana. Zergatik ez sustatu landa eremuaren babesa? Noizko Unanue Landa Parkea? Plan Orokor berriaren abiapuntu honetan Belartza Goikoa berriro landa eremu gisara sailkatzeko aukera dago, ez dezagun galdu eta gelditzen zaigun berdea blindatu dezagun.
2019ko ekainean izan zen EAEko Auzitegi Nagusiak 291/2019 epaia atera zuenean, udalak emandako baimena legez kontrakoa zela ebatziz eta isuritako milaka tona harri guztiak kentzeko nahiz sega-belardia berreskuratzeko aginduz. Enrique Ramosek baimendu zuen eta udaletik alde egin zuen. Nekane Arzallusek, egungo Hirigintza zinegotziak eta arduradunak, duela bi urte luze hitza eman zuen epaia udalak subsidiarioki beteko zuela. 42 hilabete geroago ez da bete eta donostiar guztien kontra botatako harri haiek han darraite.
Beraz, gure mezua argia eta zuzena da: udala, epaia bete. Eskaria ere garbia dugu Belartza Goikoa babestu eta Unanue Landa Parkea egia bilakatu.